Batasuneko bost mahaikidek inputatu gisa deklaratu beharko dute gaur Auzitegi Nazionalean

2006ko abuztuaren 10a
14:38
Entzun
Permando Barrena, Anjel Mari Elkano, Hasier Arraiz, Haizpea Abrisketa eta Mikel Zubimendi Batasuneko mahaikideak Espainiako Auzitegi Nazionalean, Baltasar Garzon epailearen aurrean, deklaratu beharko dute gaur, igandeko manifestazioaren harira inputatu gisa.

Manifestaziorako deia egin zuen Joseba Sayesek, berriz, atzo bertan behera utzi zuen deialdia, eta, ondorioz, inputatu gisa barik lekuko gisa deklaratu beharko du.

Barrena eta Elkano mahaikideek datorren igandean Donostian Euskal Herriak autodeterminazioa lelopean manifestazioa egingo zela iragarri zuten joan den larunbatean, "prozesua indartzeko helburuz". Hala ere, deialdi ofiziala ez zuen Batasunak egin, Joseba Sayesek herritar pribatu gisa baizik. Ondorioz, manifestazioa egiteko baimena eman zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, eskubideak indarrean zituen herritar batek antolatua zela, eta, beraz, galarazteko lege arrazoirik ez zegoela argudiatuta.

Bizkitartean, ordea, manifestazioaren eta Batasunaren aurkako ekimen judizialak abiatu zituen Garzon epaileak, eta Barrena, Elkano eta Sayes inputatu gisa deklaratzera deitu zituen. Zitazio horren ostean, Sayesek deialdia bertan behera utzi zuen atzo. Barrenak eta Elkanok, berriz, kazetarien aurrean agerraldia egin zuten Garzonen ekimenaren balorazioa egiteko. Gogor kritikatu zuten neurria, eta "arrisku biziko egoera" sortzea egotzi zioten PSOEri. Manifestazioari dagokionez, egungo testuinguruan halako ekimen batek "erabateko zentzua" izango lukeela esatera mugatu ziren.

Adierazpen horretatik, ordea, Garzonek ondorioztatu du Batasunak deialdiari eusten diola; areago, legez kanpoko deialdi baten ardura hartzen duela bere gain. Ondorioz, Barrena eta Elkano ez ezik, atzoko agerraldian alboan izan zituzten Haizpea Abrisketa, Hasier Arraiz eta Mikel Zubimendi mahaikideak ere inputatu gisa deklaratzera deitu ditu.

Gaur eguerdian Batasuneko Mahai Nazional osoan komunikabideen aurreko agerraldian egin behar zuen egoeraren balorazioa egiteko, baina bertan behera utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.