198oko urteen hasiera zen. Telebistan Gdansk-eko (Polonia) ontzioletan Solidarnosc sindikatuko buru Lech Walesa belauniko agertzen zen otoitzetan. «Sindikalista bat belauniko otoitz egiten baino kontu susmagarriagorik... Ni ez nintzateke morroi horrekin gehiegi fidatuko», esan zuen gure aitak, ironikoki.
Ekialdeko bloke komunista bota aurretik zen. Nazioartean lehen mugimenduak egiten hasiak ziren izenez komunista eta izanez beste edozer izan zitekeen sistema,zenbait arlotan anakroniko samarra zena, garaitzeko. Haren ordez gizabanakoaren askatasunak errespetatuko zituen sistema kapitalista ezarri nahi zuten.
Gerra Hotza gerra beroaren bidez irabazteko modurik ez zegoela ohartua zen, ordurako, Mendebaldea —ez, behintzat,munduko bazter guztiak erabat suntsitu eta etxean bertan itzelezko hondamendia eragin barik—. Kubako misilen krisiaren ondoren ez zen egokiena. Gerra modu samurragoan irabazi beharra zegoen. Garaipen gozoak garaipen mingotsak baino errazagoak baitira irensteko bi aldeetatik.
Gurutzada lehenago hasia zen. Pauso garrantzitsuenetako bat 1978an izan zen, Karol Wojtyla poloniarra Eliza katolikoko buru izendatu zutenean, Joan Paulo II.a izenaz. 455 urtean, lehenengoz, Vatikanoko burua ez zen italiarra. Askok esan zuten kasualitate handiegia zela ia bost mendeko tradizioa haustea. Eta kointzidentzia ez txikiagoa aukeratua italiarra ez izatea.
Izan ere, garaia ezin egokiagoa zen: Mendebaldea prest zegoen haren hegoak hedatzeko eta munduaren kontrol politiko eta ekonomikoa lortzeko. Ostpolitik-aren fasea zen. Ekialdera hurbiltzeko lehen saioa, Ostpolitik-aren hasiera, 1970ean emana zuen Willy Brandt Alemaniako Errepublika Federaleko kantzilerrak. Bigarrenak Alemania ez ezik, Ekialdeko bloke osoa ere zuen gogoan.
II. Mundu Gerraren ondoren hiru hamarkada igaroak ziren eta gatazkako zauriak ixten hasiak ziren. Mendebaldea garapen ekonomikoan bizi zen. Herritarrak ongizatearen gizartean haziak ziren eta horretara ohituak, 1973ko petrolioaren krisiak emandako lehen abisua gorabehera. Alderdi komunista tradizionalak sisteman integratuak ziren Enrico Berlinguerren eurokomunismoaren bidez, Neguko Jauregia indarrez hartzeari uko eginda. Erasoa alderantzizko bidetik joango zen: Plaza Gorrirantz, kapitalismoaren hondartza epeletatik komunismoaren estepetara, eta baketsua izango zen. Ekialdea, aldiz, estatalismo burokrataren menpe zegoen arlo askotan. Jendeak bere eguneroko beharrak aseak zituen, baina gehiago nahi, beharzuen.Berlingo ekialdeko tabernaz mozorrotutako sasidiskoteketan gazteek Satisfaction dantzatzen zuten erotuta. The Rolling Stones-ek ekialdea hartua zuten.
Aukeratuaren jatorria ere aproposa zen oso. Pope berria poloniarra zen. Ekialdean fede katolikorik inon bazegoen, Polonian zen hori. Beste estatuetan sinesdunak zeuden, baina ez hainbeste, ez hain sutsuak, eta ez, ezinbestean, katolikoak: luteranoak, ortodoxoak, musulmanak... Ateismoa ere hedatuago zegoen —egun Ekialdeko Alemaniako herritarren %30 inguru ateoak dira—.Poloniak, gainera, Estatu eta Elizaren arteko erlazio korapilatsuak izan zituen. Oinarriak ezin hobeak ziren Solidarnosc bezalako sindikatu bat etaJoan Paulo II.aren lana lotzeko. Gainerakoa denbora kontua baino ez zen. Denbora behar zen eta emaitzak heldu ziren azkenean. Berlingo Harresia erori eta gero hau esan zuen Wojtylak: «Jainkoak irabazi du».
Denbora beharko da Joan Paulo II.aren agintaldia epaitzeko. Sinesdun ez gutxiren iritziz, Elizaren aurrerabideari atzerakada nabarmena eraman zion gizona izango da. Beste batzuen ustez, ostera, ez. Haren lan politikoa,baina, zailagoa izango da zalantzan jartzen: sinesdunek eta fede erlijiosorik gabekoek izenez komunista eta izanez beste edozer izan zitekeen sistema garaitu zuen gizona ikusiko dute Historia liburuetan.
IRITZIA
Berea(k) egin du
Jose Mari Pastor
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu