Igandetik aurrera botiken berrordainketa ezartzeko arazorik ez da izango Nafarroan. Hala ziurtatu du Marta Vera Osasun kontseilariak gaur. Itzulketak, gehienez ere, sei hilabeteko epean egingo direla adierazi du. Farmaziei aginduak eman dizkietela eta osasun etxeetan ere prest daudela azaldu du; osasun etxeetan, gainera, herritarrei informazioa emango dietela jakinarazi du.
Uztailaren 1ean sartuko da indarrean botiken berrordainketa. Botika batzuengatik diru kopuru bat ordaintzeko eskatuko diete herritarrei. Veraren esanetan, "kasu batzuetan, orain baino gehiago ordaindu beharko dute". Baina zehaztu du langabetuek ez dutela ezer ordaindu beharko, eta orain botiken %40 pagatzen ari direla.
Bihar Madrilen batzartuko dira Espainiako, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Hego Euskal Herriko Osasun arduradunak. Ordaindu beharko diren botiken zerrenda zehaztuko dute, eta berrordainketa abian jartzeko urratsak zertan diren aztertuko dute. "Autonomia erkidegoek ados jarri behar dugu", esan du Verak: "Bestela, bakoitzak egingo du egokien iruditzen zaiona".
Berrordainketa eta osasun arloko murrizketak egin beharrekoak direla zehaztu du Verak, Espainiako dekretuak horretara behartzen duelako. Ostegunean Nafarroako Parlamentuan eztabaidatzekoa da mozio bat, eta erabakiko dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalean osasun arloko murrizketei helegitea jarriko dioten edo ez.