Bhutto Pakistanera itzulil da

2007ko urriaren 19a
09:33
Entzun
Arantxa Iraola

Pobreen liderra naiz. Beraiekin biziko naiz, eta beraiekin hilko». Berari ongietorria ematera Karachira (Pakistan) joan ziren milaka lagunak hunkitzeko moduko hitzak esan zituen, atzo, Benazir Bhuto Pakistango lehen ministro ohiak, zortzi urteko erbestaldiaren ostean, sorterrirako bidean. Iritsi zenean, «pozik eta txundituta» zegoela esan zien. Handik gutxira, bi leherketa handi jazo ziren bere automobila igarotzen ari zen lekutik gertu, eta gutxienez 58 lagun hil ziren. Bera onik dagoela esan zuten.

1988-90 eta 1993-96 tarteetan izan zen lehen ministro Benazir Bhutto Pakistanen. Baina herritarrek ez dute ahaztu. Batzuk, onerako. PPP Pakistango Herriaren Alderdiaren --Bhuttoren taldea, bere aitak sortua-- sinbolo zuri-berde-gorriz bete zen atzo Karachi, eta Benazir Bhuttoren argazkiz eta irudiz. Kontra ere asko ditu, ordea, bai Al Kaedak eta bai ekintzaile talibanek AEBetatik oso gertukotzat dute, eta, itzuleraren harira, mehatxu ugari egin dizkiote.

Ekialdeko alabak -ezizen hori du gogoko-- ia bederatzi urte egin ditu erbestean ustelkeria egozten dioten hainbat auzibidetatik ihesi. Bueltatu ahal izan du, orain egun batzuk, Pakistango presidente Pervez Musharrafekin akordioa lortu zuelako; amnistia eskaini zion hark, boterea partekatzearen truke.

Bi aldeen arteko negoziazio hauek AEB Ameriketako Estatu Batuek sustatu dituzte. Deigarriak izan dira, oposizioaren ordezkari nagusia delako Benazir Bhutto, eta Musharrafen gobernuarekin oso kritikoa izan delako sarritan. Itzulera gauzatzeko giltza bakarra hor ikusi du segur aski Bhuttok, ordea, eta, kritikak entzun behar izan baditu ere, aurrera egin du. Eta asmo handiak ditu, 2008ko hauteskundeetara aurkeztu, eta PPPren garaipena lortu nahi du. Lehen ministro ohiak Pakistan «bidegurutze» zailean dagoela dio, eta demokraziaren aldeko hautua dela berea.

Pervez Musharraf presidenteak Bhuttori eskainitako amnistia ez du oraindik Turkiako Auzitegi Gorenak berretsi, baina, momentuz, Bhutto kartzelatik libre dagoela dirudi. Pakistango Informazio ministro orde Tariq Azimek, Bhuttoren itzulerarekin, Pakistango politika «kapitulu berri batean» sartu dela adierazi du. Musharrafek eta Bhuttok oraindik elkar ikusteko hitzordurik ez dutela jarri esan du, baina buruzagiak harremanetan daudela.

Musharrafek ez zuen nahi Benazir Bhutto oraindik Pakistanera itzultzerik, ordea. Hor izan dira gorabeherak. Urriaren 10ean Musharrafek, eskatu zion Bhuttori, arren, itzulera atzeratzeko. Urriaren 6an egindako presidentetzarako bozetan Musharrafek irabaztea lortu bazuen ere, kargua ezin du oraindik ofizialki hartu. Oposizioak aurkeztutako helegiteak daude hautagaitza horren kontra, eta Auzitegi Gorenak ebatzi behar du gaiaren gainean. Hala, arren, ebazpen horren berri izan eta bere karguaren gainekoak argitu arte ez itzultzeko eskatu zion Musharrafek Bhuttori, baina ez dio jaramonik egin. Itzultzeko hitza emana zuela esanez, bueltan da Pakistanen.

10-12 EGUNEN BURUAN. Pakistango Auzitegi Gorenak aditzera eman du, Musharrafen presidente karguaren gaineko auzia, 10-12 egunen bueltan argituko duela. «Auzibidea ezin da mugarik gabeko epe batean luzatu, oso auzi garrantzitsua delako», azaldu du Javed Iqbal magistratuak. 11 epailez osatutako batzorde batek du auzibide honen gainean ebazpen bat emateko ardur. Asteazkenean, auzi honen gaineko ebazpena Auzitegi Goren osoak hartzeko eskaria egin zuten, baina Auzitegiko presidente Ifthikar Chaudryk atzera bota zuen proposamena. Adituen aburuz, Musharrafentzako mesederako izan daiteke hori.

Auzibide honen atzean Pakistango oposizioko ordezkariek jarritako helegiteak daude. Helegite horien arabera, Pervez Musharrafek, armadako buruzagitza utzi gabe ezin du izan Pakistango presidente, eta eragotzi egin behar zaio. Armadako buruzagitza eta herrialdeko presidentetza, legez, kargu bateraezinak direla argudiatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.