Miren Garate
Baikor agertu ziren Nafarroako Volkswagenekoak uda hasieran. Ekoizpena igo eta aurten 6.000 auto gehiago egiteko asmoa iragarri zuen zuzendaritzak. Duela bi aste, asmo hori bertan behera utzi zuen, nazioarteko merkatuetan salmentak jaitsi egin direla argudiatuta. Halere, urte hasierako aurreikuspenei eutsi zien, eta 2008an 268.326 auto egingo zirela Landabenen esan zuen. Atzo, ordea, hori ere ez dela posible izango iragarri zuen zuzendaritzak, eta urte amaitu artean 6.750 auto gutxiago egingo zituztela azaldu zion langile batzordeari. Horrez gain, Bruselako lantegira Polo markako autoentzako 1.250 karrozeria gutxiago bidaliko direla Iruñetik azaldu zuen.
Produkzioa jaisteko, urriaren 31n, azaroaren 1ean eta azaroaren 2an itxita egongo da Landabengo egoitza. Aldi baterako hainbat langileri ere datozen asteotan amaituko zaie kontratua. Bi neurri horiekin, egunean 1.300 auto inguru egitetik 1.200 egitera pasatuko dira.
UGT, CCOO eta Confederacion de Cuadros sindikatuek ekoizpen murrizketak ekar ditzakeen ondorioak ahalik eta txikienak izateko akordioa lortu zuten atzo bertan zuzendaritzarekin. LABek eta CGTk ez dute onartu. Besteak beste, 2009ko ekoizpenari buruzko informazio gehiago emateko eskatu du LABek.
ACEA Europako auto egileen elkarteak jakinarazi duenez, irailean, iaz baino %8,2 auto gutxiago matrikulatu ziren Europan, guztira 1,3 milioi. 1998tik izandako kopururik txikiena da aurtengo irailekoa.
Matrikulazioen jaitsiera horrek eraginda, Volkswagenek ez ezik, autogintzako hainbat enpresak erabaki dute produkzioa murriztea azkenaldian, baita langileak kanporatzea ere.
Mercedes oraningoz ondo
Nissanek Bartzelonako lantegian 1.680 lagunentzako, langileen %37rentzako, enplegu erregulaziorako plana (ERE) aurkeztu du. Seatek ere aldi baterako erregulazio espedientea aurkeztu die 750 langileri Martorellen (Bartzelona). General Motorsek urtebeterako kaleratuko ditu 600 langile Zaragozan (Espainia), azaroaren 1etik. Opelek bi enpresa itxi ditu Alemanian. 6.500 lagun aritzen ziren haietan. Frantzian, Renaultek 4.000 lagun bidali ditu kalera.
Volkswagenez gain, Mercedes Benz da Euskal Herrian autoak ekoizten dituen enpresarik garrantzitsuena. Gasteizen duen lantokiaren produkzioa inoizko handiena izango da aurten, 104.000 ibilgailu, iaz baino 7.000 gehiago. Datorren urterako, berriz, 8.000 gutxiago izango direla kalkulatu dute, ekonomiaren egoerak eskaera murriztuko duelako.
Gaur egun, 4.000 langile inguru ditu Mercedesek Araban, eta enplegu erregulaziorik ez dela behar izango espero dute, lan hitzarmenean malgutasuna ziurtatzeko neurriak badaudelako. Gasteizen Vito furgoneta eta Viano markako monobolumena ekoizten dira gaur egun.
Bi astean bigarren aldiz iragarri du VWk ekoizpena jaitsiko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu