Bide beretik Mediterraneoan

2014ko martxoaren 28a
16:08
Entzun

Bi artxipelagoen artean 700 kilometro baino gehiago daude, baina arazo berak batu ditu Kanariak eta Balearrak. Bietan daude iragarrita petrolioa bilatzeko prospekzioak, baina, epeei dagokienez, bi egitasmoak ez daude egoera berean. Alderdien jarrera ere ez da bera batean edo bestean. Kanarietakoan alde agertu da PP bai uharteetan, bai Madrilen; Balearretan, ordea, proiektuaren kontra azaldu da, eta geldiarazteko auzitara jotzeko prest dagoela ere iragarri du Jose Ramon Bauza presidente popularrak.

Hainbat fase bereizi ohi dira halako proiektuetan. Lehen fasean eremua esploratzen da, eta bigarrenean egiten da ustiaketa —petrolioa atera eta merkaturatzeko garraiatzea—. Baina esplorazio horretan ere badira hainbat fase: lehenik, ustiatzeko asmoa duen enpresak informazio ugari biltzen du eremuaz, hala nola datu sismikoak, geologikoak... Zundaketa akustikoak izaten dira hurrengo urratsa. Lur azpian egitura geologikoak topatzeko —haietan harrapatuta geratu ohi da petrolioa—, aire konprimituzko kanoiekin burbilak jaurtitzen dira; zarata handia sortzen dute, itsas hondotik 7 kilometro azpiraino iristen dena, eta bueltan datozen uhinak erregistratzen dira ondoren, datu geologikoak biltzeko. Ustiaketa aurreko azken fasean, berriz, lurra zulatzen da, bilatu nahi den putzura iristeko. Hori litzateke urratsik arriskutsuena. Fase horretan sartuko dira Kanarietan Repsolek ingurumen baimenak lortuz gero. Balearretan, ordea, zundatze akustikoak egiteko baimenak lortzeko zain dago Cairn Energy konpainia.

Fernando Rios kanariarrak antzekotasun ugari ikusten ditu bi kasuetan. "Balearrak geure argudio berak erabiltzen ari dira, ingurumenean eta turismoan izango lukeen eragina". Hala ere, Kanarietan arriskuak larriagoak liratekeela uste du, ur sakonagoetan zundatuko litzatekeelako eta edateko ura itsasotik ateratzen dutelako, besteak beste.

Baina ezberdintasun handiena PPren jarreran legoke, Balearretan agintean dena. Prospekzioak gelditzeko auzitara jotzeko eskatu berri dio parlamentuak Balearretako Gobernuari aho batez, eta eskaera bera egin die Bauza presidenteak Madrilgo alderdikideei. Argudio sendoa du, gainera: frogak aurreko agintari sozialistek baimendu zituztela. Ez dirudi, ordea, Kanarietarako balio duen argudioarekin bat egiten duenik, bere hitzak irakurrita: "Irudika dezakezue turista bat ostertzera begira, eta han sartzen eguzkia ikusi ordez, plataforma bat ikustea?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.