Bidezidorrak eta estratak

2015eko azaroaren 8a
14:42
Entzun

Parlamentuan ordezkari izateak ez ditu gobernuko kide izateak adina aukera ematen, eta parlamentari gehienak beren lanera itzultzen dira, baina, Eusko Legebiltzarrean, badira bestelako bideak aurkitu dituztenak ere. Kutxabank politikoa EAJren eta PPren artean adostu zuten Kutxabank SAren Administrazio Kontseiluaren osaketa, baina, datu horretaz harago, kargudun publikoak izandako zazpi lagun daude, gaur egun, kontseilu horretan (hemezortzitik): Luis Viana (Arabako Garapen Ekonomikoko diputatu ohia); Mikel Arieta-Araunabeña (Erandioko alkate ohia); Alex Bidetxea (Bizkaiko batzarkide ohia); Jose Miguel Martin Herrera (Jaurlaritzako Etxebizitza eta Ingurumen sailburu ohia); Josu Ortuondo (Bilboko alkate ohia); Juan Maria Ollora (Arabako ahaldun nagusi ohia); eta Carlos Agirre (Jaurlaritzako Ekonomia sailburu ohia). Bestelako kargudun ohi batzuk ere ari dira Kutxabankentzat lanean. Joseba Andoni Aurrekoetxea legebiltzarkide ohia (EAJ; Bilbo, 1960), adibidez, Zeltia SA enpresako kontseilukidea da, Kutxabanken ordezkari —Carlos Soltxaga politikari ohia ere han da—.

Mesedeak ordainetan

Nicolas Redondo Terrerosek (PSE-EE; Portugalete, Bizkaia, 1958) ez zuen bukaera gozoa izan alderdi barruan. 1970etik PSOEn militante, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean ordezkari izan zen, eta PSE-EEren idazkari nagusi ere izan zen, Lizarra-Garaziko akordioaren sasoian. PPrengana hurreratu eta fronte unionista gisako bat itxuratzeko bere asmoak ez zizkion esperotako emaitzak ekarri, eta 2001ean alderdia utzi zuen, Euskal Herritik kanpo bilatzeko irtenbide profesionala. Fundacion para la Libertad elkarteko presidente hasi zen. Baina, Angel Caballerok bere blogean kontatzen duenez, Jaime Mayor Orejak bere lehengusu Marcelino Orejari eskatu zion mesedea Redondorentzat. Marcelino FCCko kontseilari zen, eta Redondo Cementos Alfa SAko kontseilari egin zuten 2006an; eta FCCko Administrazio Kontseilurako aukeratu zuten 2008an. 2014an utzi zuen. Ordurako, Madrilen abokatu bulego bat irekia zuen, Fernando Mugika Herzogen semeekin. Beste era batera, baina Maria San Gilek ere (PP; Donostia, 1965) Madrilen aurkitu du abaroa, PP barruan bere ildoarekiko desadostasunak sentitu eta alderdia utzi zuenetik. Madrilen egonkortu da San Gil. South Way Capital SLko presidentea da (komertzio elektronikoari buruz aholku ematen du enpresak). Administrazio Kontseiluan kide dituenekin, gainera, Fundacion Villacisneros antolatu zuen (ETAren biktimei zerbitzuak ematen dizkiete).

Familia tradizioa

Antonio Basagoitik (PP; Madril, 1969) Euskal Herria eta politika utzi zituen 2013an. «Alabei bizimodu hobea eman nahi diet», argudiatu zuen, politika utziko zuela azaldu zuenean. 1995ean hasi zen Bilboko Udalean, hamabost urte egin zituen han, eta 2008tik 2013ra egin zuen EAEko PPren buruzagitzan. Lanera itzultzeko, bazuen nora begiratu; bere birraitonak sortu zuen Banco Hispano Americano, eta ondorengo belaunaldi guztiek bankan egin zuten lan. Birraitonak sorturiko banku hura, Basagoitik politika utzi zuenerako, Banco Santander bilakatua zen, bat egiteen ondorioz. Hark eman zion lanpostua, Mexikoko filial batean.

Begiralea

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide doktorea da Juan Manuel Egiagarai (PSE-EE; Bilbo, 1945). Han irakasle zela ezagutu zuen Luis Atienza, ikaslea. Gerora, Egiagaraik kargu inportanteak izan zituen Espainiako administrazioan (legebiltzarkidea ere izan zen Gasteizen), Industria eta Energia ministro ere izan zen (1993-196). Enagas, Repsol eta beste pribatizatu ziren haren sasoian. Airbus Groupen zuzendari aritu zen gerora, 2005 eta 2012 artean. Eta Luis Atienza Energia Ministeriora eraman zuen (REEko presidente izan zen). Ricardo Gonzalez-Orus ere eraman zuen ministeriora (Babcock Wilcoxeko presidente izatera heldu zen).

Errektoreak

Kargudun publiko asko datoz unibertsitatetik, eta hara itzultzen dira asko, politika utzitakoan. Baina hezkuntzarako bi itzulera sonatuagoak suertatu ziren. Inaxio Oliveri (EAJ, EA; Errenteria, Gipuzkoa, 1943) Hezkuntza sailburu ohiak Mondragon Unibertsitateko errektore kargua hartu zuen 2001etik 2007ra. Aurretik, 1998 eta 2001 artean, Javier Retegik (EAJ; Bergara, Gipuzkoa, 1937) bete zuen kargu hori; Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburu izana zen Retegi. Ez da errektorea, baina Juan Jose Ibarretxe (EAJ; Laudio, Araba, 1957) lehendakari ohiak unibertsitatearen eta gizarte ikerketaren alorrean aurkitu du lekua; Agirre Lehendakaria Centerreko burua da.

Publikoa etxe

Miguel Buen (PSE-EE; Ardisa, Espainia) GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SA enpresa publikoko kontseilari izendatu dute aurtengo urrian. 2009an Pasaiako Portu Agintaritzan aritu eta gero, 2011ko foru bozen emaitza kaskarren ostean, kargu publikoak utziak zituen, baina sozietate publiko batean eman dio alderdiak lekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.