Brometan 19:55etan hasi zena (“Eta berdinketa egiten badute…. David txarra da penaltiak botatzen”), egia bihurtu zen, probabilitateen kalkulua birrinduz. Horrelako oso kasu gutxi emango dira herri batean historia politikoan, horrenbeste lagun biltzea, eta berdintzea azken bozketa erabakigarrian. Apustu etxeek apustu hori onartu balute, milioi erdi euro ordainduko lukete, euro bakar bat jarrita.
Oso berdinduta daude joerak CUPen barruan, batzarrean 1.200 daudenean Manresan, eta 3.000 biltzen direnean Sabadellen. Pentsatzekoa zen, atzo gertatu bezala, kide gehiago biltzean eztabaidarekin behingoz bukatu, Masi eman beharreko botoak eman eta indarra galtzen ari den prozesuarekin aurrera segitzearen aldekoak nagusituko zirela. Ez zen horrela izan, batzuek besteek adina jende berri eraman baitzuten batzarrera.
Atzoko hirugarren bozketak berdinketa eman zuela ikusita, eta usteakabea erantsi eta gero, zer egin ez zekitela geratu ziren batzarreko arduradunak. Azkenean premiazko akordiora iritsi ziren: urtarrilaren 2an erabakiko dute, azken aukeran, zer egin. Batzar gehiago egiteko astirik ez (eta gogorik?), urtarrilaren 9an bukatzen delako presidentea aukeratzeko epea, alderdiko zuzendaritzak eta parlamentari taldeak osatutako biltzar ttipi berezi batek hartuko du erabakia.
Zeren arabera ordea? Junts-ekoek argi eta garbi esan zuten atzokoa zela azken aukera, eta ez zutela proposamen berririk egingo hurrengo egunotan. Masen ingurutik oso azken orduko eskaintzaren bat iristen ez bada —oso zaila dena, besteak beste, kokoteraino egon behar duelako gertatzen ari zaionarekin—, ez da izango urtarrilaren 2ko bilerako mahai gainean orain arte egon ez denik. Alegia, bilera horretako kide bakoitza aurretik hartua daukan iritziarekin sartuko da bilerara. Zer gertatuko da orduan? Bozketa arrunta egingo da, bakoitzaren joera aurrez ezaguna delako, edo bilerako parte hartzaileen arteko enegarren eztabaida egingo dute; nork nor konbentzitu nahian? Gainera, inor ez da joango bilera horretara inoren boto delegatuarekin, ez lurralde batzarren aginduarekin, ezta inongo barne erakunderen iritziarekin.
Bi ideia nagusirekin joango dira bilera horretara biltzar ttipiko kideak: lehena, esku artean daukaten auziari buruzko erabakia hartu beharko dute, era sinplean esanda, Mas bai edo ez; eta bigarrena, zer geratuko den alderdiarekin prozesu honen ondoren, bi aldeak oso bananduta daudelako, amore emateko asmorik gabe. Etxeari arrakalak atera ote zaizkion aztertu beharko dute aurrenik, eta gero, arrakala horiek agerikoak badira, kontutan hartu beharko dute zer erabakik egiten dion kalte gehien alderdiaren barne sendotasunari.
Ez da falta, erabakia edozein dela ere, prozesu honetatik CUP hautsita aterako dela dioenik. Mas presidente izendatu baino lehenago hauteskundeak nahi dituztenak hasiak dira Bartzelonako alkate Colauren taldearekin hizketan, errepikatu behar diren hauteskundeetan elkarrekin koalizio handi bat osatzeko. Hizketaldiok abisu serioa dira Mas, sudurrak estalita ere eta prozesuarekin aurrera egiteko, presidente egiteko prest daudenei. Hortik hautsi liteke alderdia. Urruti geratu da David Fernandezek askotan esana: “Katalunia lehenago izango da independientea, sozialista baino”.
Urtarrilaren 2ko biltzar ttipia osatu behar dutenen kopurua bakoitia edo bikoitia da? Bakoitia izan dadila, mesedez.