Korrika 14ren inguruko nondik norakoen gainean mintzatu gara Edurne Brouardekin. Antolaketa, mezua, omendua, ibilbidea, Korrika Kulturala eta beste hainbat kontu izan ditugu hizpide.
Zaila izan behar du Korrika eta halako jai handiak antolatzea.
Luzea bada, behintzat, eta askok Korrika bukatuta lana ere bukatzen delauste badute ere, ez da horrela. Ikasturtea hartzen dugu erreferentzia gisa, eta batzordeak antolatzen dira. Badago batzorde orokor bat etenik ez duena, eta, Korrika gerturatu ahala, zehatzagoak jartzen ditugu martxan. Izan ere, txukun prestatzeko hainbat gauza daude: kanta, bideoa, Korrika Kulturala, mezua eta abar.
Zein heinetan behar du diplomatikoa izan Korrikako arduradun batek?
Ez da uste bezain zaila; beste edozein harremanetan agertu beharreko heziketarekin nahikoa da; ez da, beraz, diplomaziaz hitz egin behar. Egia da itxurak gorde egiten direla Korrika eta halako ekitaldiekin, baina gure lana bera izaten da beti; alegia, ahalik eta lagun, erakunde eta elkarte gehienak biltzea, Korrikan parte har dezaten.
Kanta bakarra ez ezik, disko oso batekin girotuta dator aurtengo Korrika? Irundarren ahalegina handia, ezta?
Irungo AEK-tik deitu ziguten, euskaltegitik pasatutako asko musikariak zirenez eurek Korrikarako disko bat egitea posible ote zen galdezka. Bete-betean jo zuten arduradunok zabaldu nahi genuen mezuarekin; eurak dira 14. Korrikako diskoaren egileak.
Mezu parte-hartzailea aurtengoa: Ni ere bai.
Ideia sortu zen errealitate jakin batetik: euskara guztiona eta guztiontzat dela. Lelo hori abiapuntu, benetako egia bilakatu behar dela pentsatu genuen. Euskara guztiona bada, ez da inorena ez delako, baizik eta bakoitzarena delako. Norbanakoarena denez, hari egin nahi izan diogu dei, bakoitzak bere esparruan berea dena gordetzeko. Beti bezala, erakunde eta gizarteko alderdi guztiei egin diegu euskara babesteko deia, baina aurten oso gutxitan egiiten den eskaera ere egin nahi dugu, oraindik euskaldundu ez diren helduei bereziki. Uste dugu nahiko finkatuta dagoela umeak euskaraz eskolatzeko beharra, baina bitarteko belaunaldi hori euskaldundu ezean oso zaila da transmisioa bermatzea.
Zergatik Orreaga, eta zergatik Bilbo?
Orreagak oso ondo biltzen du orain arte egin den babes lan hori, bertako euskalkiak zaharrengan eta gazteengan bizirik dirauelako. Bilbo, berriz, Euskal Herri osotik etorritako euskaldunen topalekua delako; kanpotik ere Euskal Herrira datorren hainbat lagunen elkargunea delako, eta baita heldutan euskaldundu diren euskaldun berri askoren bizilekua ere.
Andolin Eguzkitza al zen mezu horren erakuslerik onena?
Aurtengo mezuarekin, uste genuen omenaldia merezi zutenak gaur euskara dagoen lekura heltzea posible egin duten milaka eta milaka euskaldun berri horiek direla. Bazen garaia esateko horiei esker ere badagoela euskara egun dagoen moduan. Hori islatu ahal zuen pertsona bat behar genuen, eta Andolin Eguzkitza oso egokia zela pentsatu genuen. Berak oso ondo islatzen du inguru erdaldun batetik etorrita euskara ikasteko esfortzua egitea zer den, eta, bestetik, euskalduntasun hori muturreraino eraman duen euskaldun berria zen. Horrekin ez dugu adierazi nahi inor Eguzkitza bezalakoa izan behar denik, hau da, bakoitzak bere neurrian hartu behar du konpromisoa.
Aurtengo Korrika Kulturalak espero zenituzten fruituak eman al ditu?
Korrika egiten hasi ginenetik konturatu ginen jendeari esfortzua eskatzen dion ekimen bat dela eta Euskal Herriak beti bikain erantzuten duela. Une batean pentsatu genuen esfortzu hori bueltatu behar geniola. Horretarako, Euskal Herrian ekoizten den kulturaren isla bat plazaratzea egokia izan zitekeela uste izan genuen. Ekoizleei eta ikusleei eskainitako aukera da, gure neurri txikietan bada ere. Askotan ematen du Korrika Kulturala ekitaldi nagusi horiek baino ez dela, eta hori ez da egia, zati bat besterik ez dira. Benetan, Korrika Kulturala askoz gehiago da, 300 ekitalditik gora antolatzen dira Euskal Herri osoan zehar.
Zein neurritan zabaltzen dituzte komunikabideek Korrikari buruzko berriak eta mezua?
Denetarik dago, komunikabideak gizartearen isla baitira. Orokorrean, hedabide gehienek lekua ematen diote Korrikari, eta harrera ona egiten diotela uste dut. Hala ere, gabeziak badira, AEK-k egin beharreko ahalegin guztiak egin arren, batzuek galdetu behar diote beren buruari zergatik ote dauden Korrika zer den ezagutzen ez duten herritarrak Euskal Herrian. Ekitaldiaren beraren tamaina eta garrantziagatik, guztiek ezagutzea ezinbestekoa izan beharko litzateke.
Korrikak izango dituen parte-hartzaile kopuruaren inguruko aurreikuspenik ba al duzue?
Aurreikuspen zehatzik ez dugu egiten, nahien adierazpena izango litzatekeena akaso. Beti nahi dugu aurrekoan baino lagun gehiago biltzea, eta hori izaten da gure helburua. Inoiz heldu ez garen sektore horietara heltzeko planak egiten ditugu. Egia da gero egoera politikoa eta sozialak, azkenaldiko erasoak kasu, parte-hartzea aldarazi egiten dutela, baina gure ahalegina da, Euskal herri guztiak egon daitezen Korrikaren alde.
Halako ekitaldi erraldoiekin euskara bultzatzeko beharrik izango ez den eguna helduko al da?
Hori espero dut, lanean nabil seguru nagoelako egunen baten hau ez dela beharrezkoa izango. Uste dut, ordea, beharrik egongo ez balitz ere Korrika egiten jarraituko genukeela, hori ospatzeko besterik ez bada ere.
Europan zehar egin beharko al dugu Korrika euskaldunok gure hizkuntza aldarrikatzeko?
Akaso bai, baina oraindik ez gara hain urrun heldu. Zalantzarik gabe, Euskal Herriaren aldarrikapena Europara eraman beharra dago, hizkuntza gutxitu izaera hori duen bitartean, beste hainbat hizkuntzarekin gertatzen den bezala. Merezi duten garrantzia ez dietela eman esan behar diegu Europako agintariei, eta salatu, Konstituzio Itun honek euskara ez duela babesten inondik inora. Hartara, Korrika Europara eramateko... utzidazu beste urteren bat pentsatzeko.
Edurne Brouard · Korrika 14ko arduraduna
«Bitarteko belaunaldiak euskaldundu ezean, zaila da transmisioa bermatzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu