Bittor Marino (Marmar kontserbak): «Antxoa arrantzatzeko bost urteko debekuak kalte handia egin digu»

2014ko maiatzaren 2a
19:00
Entzun

Ondarroako portuari lotutako bizitza da Bittor Marinorena (Ondarroa, 1966) eta haren familia osoarena. Bost anaiek lan egiten dute etxeko enpresan, Marmar kontserba enpresan. Bere aita Alfredo Marinok hasitako bideari jarraitu diote bost semeek. "Gure aita da hemen bizirik geratzen den Sizilian jaiotako bakarra. Beste guztiak jatorri italiarreko belaunaldi berriak dira". 14 urterekin iritsi zen Ondarroara siziliarra, eta orain, 77 urterekin, semeen esku lagata dauka negozioa. Berriatuan duten lantegian 30 emakumek egiten dute behar. Bittor kudeatzailea da.

Hasiera ona izaten ari al da antxoaren kanpaina?

Sasoi onean hasi zen, Aste Santu aurreko astean. Dezente harrapatzen ari dira, baina guretzat antxoa txikiegiak oraindik.

Zer tamainakoak izaten dira egokienak kontserba enpresentzat?

Zenbat eta handiago, hobeto. Kiloko 25 alekoa da egokiena. Baina oraindik ez da horrelakorik porturatu. Oraingoz sartu den antxoa gehiena 40-45 alekoa da. Motzak guretzat.  

Eta ez duzue horrelako antxoa txikirik erosten?

Bai, hartzen ari gara, guk bi behar mota egiten ditugulako. Batetik, antxoa gazituen kontserba lata handiak egiten ditugu, eta bestetik, upelak, gero, lau edo bost hilen ostean, antxoa xerrak egiten dituzten fabrikei saltzeko. Guk geuk oso antxoa xerra lata gutxi egiten ditugu.

Bietako zein duzue garrantzitsuagoa?

Urteetan kontserba lata handiena izan da, Italiara eta Espainiara saltzeko. Antxoa gazituta joaten da, eta norberak nahi dituen antxoak atera eta xerrak momentuan garbitzen ditu. Azoka batzuetan oraindik saltzen dituzte horrela, gero norberak etxean garbitu eta xerrak egiteko. Taberna batzuetan ere halaxe egiten dute, momentuan behar dituen xerrak garbituta.

Zelan dago kontserbako antxoaren merkatua?

Lata handien merkatua erortzen ari zaigu.

Krisiagatik ala kontsumo ohiturak aldatu direlako?

Ez dut uste krisiagatik izan denik. Lehen, antxoa sei eurotan ere erosten ziguten, eta orain hiru eurotan ez dute erosi nahi izaten. Antxoa arrantzatzeko bost urteko debekuak egin digu kalte handia. Kanpoko antxoa asko saldu ziren, kalitate txarrekoak eta garestiak. Eta jendeak ohiturak galdu ditu. Orain inor ez doa azokara gazitutako lau antxoa erosi eta etxean garbitzera.

Zuentzat urteko fakturazioaren zati handi bat hartzen du antxoak?

Lehen, zati handia zen; orain ez da horrenbeste. Batez ere, hegaluzea eta hegalaburra da guretzat garrantzitsuena, eta hori bai, hori sartzen dugu latetan. Sasoia denean, bertako hegaluze freskoa erabiltzen dugu, eta, urtean zehar, izoztutako bertoko hegaluzea batez ere, baina baita kanpokoa ere. 

Antxoaren kanpaina sanjoanetan amaitzen da gutxi gorabehera. Prezio onenaren zain egoten zarete ala hasieratik erosten duzue?

Hasieratik. Ezin da jakin zer den merke eta zer garesti. Egunero egon behar da hemen jo eta ke. Egunean bertan ere gorabehera handiak izaten dituzte prezioek.

Zenbat antxoa erosten duzue kanpaina osoan zehar?

Ehun tona inguru. Aurten, oraingoz, upelak egiteko erosten ari gara, 2,30 eta 2,70 euro arteko prezioan.

Merke da hori?

Bakoitzaren arabera. Marinelentzat merke da; guretzat ez. Bost hilez eduki behar dugu gatzetan, eta gero xerrak egiten dituen fabrika bati saldu behar diot. Prezio erakargarria behar du harentzat ere. Ez da erraza.

Enkantean lehia handia dago arrain erosleen artean. Tentsioko beharra da?

Bai. Antxoa erosi behar dut fabrikarako, eta ahalik eta merkeen erosi nahi dut, denek bezala. Baina enkantea goitik beherakoa da, eta, beraz, garestien erosten duenak eramaten du arraina. Jakin behar dut zenbat erosi nahi dudan eta zein preziotan. Baina kalkulatu behar dut besteak zenbatean erosteko prest dauden, eta arinago ibili botoia sakatzeko, baina garestiegi erosi barik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.