1. Zer da?
Aurretiazko Borondateen Agiria du izen ofiziala. Agiri horretan pertsona batek adierazten du zer osasun laguntza nahi duen bere borondatea adierazteko gauza ez denean.
2. Nork egin dezake?
18 urte baino gehiagoko pertsonek dute agiria egiteko aukera. Erregistro batean jasotzen dituzte.
3. Noiz da baliozkoa? Agiriak balioa izateko, hiru modu hauetakoren batean sinatu behar da: adinez nagusi diren hiru lekukoren aurrean, notario aurrean edo agirien erregistroko funtzionario baten aurrean. Iparraldean, ospitalean egiten da.
4. Zer sar daiteke? Norberak erabakitzen du: egoera jakin batzuetan zer tratamendu onartzen diren eta zer ez, hiltzean organoekin zer egitea nahi duen... Adieraztea libre da, baina medikuek ezin dute jarraitu legearekin bat ez datorren eskaririk —eutanasia, adibidez—.
5. Hutsetik hasi behar da? Eredu batzuk badaude eginak: duintasunez hiltzearen aldeko taldeenak, Eliza katolikoarena, bioetika batzordeena... Ereduak libre moldatu litezke.
6. Aldaketak egin litezke? Edozein unetan alda liteke agirian adierazitakoa, baita dokumentua deuseztatu ere. Erregistrora jo behar da horretarako.
7. Agiria bakarrik da? Ordezkari bat izendatzea komeni da, medikuekin bozeramaile aritzeko. Agiria egin duenaren borondatea zein den ondo jakin behar du ordezkariak, eta saiatu behar du agiria egin duenak erabakiko lukeena hautatzen. Ordezkariak bere izendapenaren berri jakin behar du aurrez, eta agiriak haren sinadura izan behar du. Pertsona bat baino gehiago jar litezke ordezkari.
8. Noiz aplikatzen da? Pertsonak adierazteko gaitasuna galtzen duenean. Gauzak adierazteko gai bada, esaten duena dago agiriaren gainetik.
9. Medikuek bete beharrekoa da? Erabakiak hartzean aintzat hartu behar dute. Irakurketa zuhurra egitea aholkatzen zaie. Ordezkariari laguntza eskatzen zaio interpretatzeko.
10. Noiz ez da ezartzen? Adierazitakoak indarrean dagoen legea betetzen ez duenean, eskatutako interbentzioa gaixotasunarentzat desegokia denean, edo agirian aurreikusitako egoera eta errealitatea desberdinak direnean.