Pili Zabala Artano (Tolosa, Gipuzkoa, 1968). Odontologoa lanbidez, 2008az geroztik hezkuntzako karrerazko funtzionarioa da, eta ikerketan nahiz auzitegi medikuntzan garatu du bere lanbidea.
GALek hildako Joxi Zabala zenaren arreba izateagatik da ezagun Pili Zabala; 1983ko urrian bahitu, torturatu eta hil zuten Joxi, Pilik 15 ute zituela. hainbat urtez aritu da bakearen, biktimen eta bizikidetzaren esparruko egitasmoetan parte hartzen.
Iazko urrian, Eraikiz agiria adostu zuten indarkeria askotariko hainbat biktimak. "Kontzientziak piztu" eta egoera "desblokeatu" nahi dutela azaldu zioten BERRIAri Pili Zabalak eta Josu Elespek. Beste biktima batzuekin batera, parte hartu zuen Glencree egitasmoan ere.
Zabala minduta mintzatu izan da; nebari egin ziotenagatik ez ezik, berak larruan bizi izan duenagatik ere bai. "Erakundeek, poliziek, alderdi politikoek eta justizia organoek zitalki tratatu naute", adierazi zuen 2014an. Urte luzez bere familiak ez duela inoren babesik jaso eta bere etxean "samina" baino ez dela izan 1983ko zorigaiztoko egun horretatik gaurdaino. Sufrimendu hori ez zuela apaldu ezker abertzaleak bere garaian emandako babesak, eta are gutxiago gainerako alderdi eta erakundeen "mespretxuzko isiluneak" ere.
Biktimen aitortzan eta bizikidetzatik lehia politikora egingo du jauzi orain. Horrela mintzatu zen politikarekiko harremanaz Donostian 2014ko abenduan: "Etxean urteetan pairatu dugu tortura psikologikoa. Politikak ez zigun balio, sufrimendua eragiten zigulako. Dena dela, gure etxean ez dugu gorrotorik izan».
Hilabete honetan bertan agertu da publikoki, hain zuzen esperientzia hori azalduz: Biktimen papera etorkizunaren eraikuntzan. Eraikiz esperientzia izeneko mahai inguruan parte hartu zuen. Etorkizunaz galdetuta, segidakoa zioen: "Lehenik eta behin, biktima guztiak aitortzea (...). Iruditzen zait errealitate deserosoa den arren mahai gainean ipini behar dela. Etorkizuna dator egia guztiak ezagutzetik, eta errealitate guztiak errespetatzetik. Abiapuntu horretatik gizarteak zenbat eta gehiago jakin, gobernuari eginiko exijentziak handiagoak izan daitezke".
2014ko abenduan, Rene Cassin saria jaso zuen beste biktima batzuekin batera; horrela, elkarbizitzarako egin duten lana aitortu nahi izan zien Jaurlaritzak.