Bizkaia: Jabyer Fernandezen itzala

Ivan Santamaria.
2016ko irailaren 30a
13:19
Entzun

Bizkaiko zordun handien zerrendak 149 zergapeko agertzen dira. Enpresaburu baten proiektuak gailentzen dira guztien artetik: Jabyer Fernandez eraikuntzako enpresaburua.

Iurbenor da zordun bakar handiena, 52,5milioi eurorekin. Barakaldoko Lutxana auzoan 2.000 etxebizitza eta aisialdirako nahiz enpresentzako guneak eraikitzeko proiektua sekulako porrota izan zen. Fernandez auzipetuta amaitu zuen, eta hiru urteko kartzela zigorra jarri zioten, Caixabanken eta Kutxabanken etxebizitza filialetatik 61,9 milioi bereganatzea leporatuta. Epaiketa horretan iruzur egitea ere egotzi zioten ogasunari diru horretatik zegokion BEZa ez ordaintzeagatik, baina epaileak errugabetzat jo zuen.

Enpresaburu ezagunari lotutako beste hainbat proiektu agertzen dira zerrendan: Afer (2,7 milioi guztira), Residere (4 milioi), edo Fonorte (3 milioi).

Zordun handien artean hiegiezinei lotutako enpresa ugari agertzen dira. Moldis Echarro da bigarren zordun handiena (20,7 milioi). Jose Iñigo Basañezen Baensa SLk 11,1 milioi zor dizkio Bizkaiko Aldundiari. Malagan eraikuntza proiektuak egin nahi zituen enpresa horrek, baina arazo handiak izan zituen. Malagako Udalaren aurka auzitegietara jo zuen, 11 milioi zor zizkiola argudiatuta. 

Industria itxierei lotutako izen ugari daude, halaber. Indosa da zerrendako hirugarrena. Derion Magefesa marka ekoizten zuen lantoki horrek, eta itxita darama urte batzuk. Mecanica de la Peña historikoari lotutako proiektuek ere 14 milioi euroko zorra utzi zuten pilatuta likidazioan. Gernikako Malta mahai-tresneria eta etxeko gauzen hornitzaileak 15,9 milioi euroko zorra du. Fagorren porrotari lotuta, Basauriko Edesak 9,9 milioi euro utzi zituen ogasunari ordaindu gabe.

Porrot egindako beste industria historiko batzuk dira Sondikako Troquenor (4,5 milioi), Zallako Virtisu (2,1) edo Galindoko Babcock Power (2,2 milioi).

Lau partikular identifikatu ditu ogasunak zordun handi bezala, guztiek 1 eta 1,1 milioi bitarteko zorrekin: Jose Manuel Gonzalez Sesma, Maria Nerea Intxausti Arauca, Jose Rafael Marrodan Escarda eta Sonia Sanchez Garcia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.