Kronologia: Lau lehiaketa 24 urtean. Lau alditan lizentziarik gabe

2013ko urtarrilaren 30a
11:18
Entzun

1988. Azaroak 7 zituen Euskalerria Irratiak bere lehendabiziko irrati emanaldia eskaini zuenean. Ordutik behin eta berriz eskatu dio emititzeko lizentzia Nafarroako Gobernuari.

1990. FMko irrati lizentzien lehendabiziko banaketan, Nafarroako Gobernuak baimenik gabe utzi zuen Euskalerria irratia.

1998. Lizentzien banaketa egin zuen berriro ere Nafarroako Gobernuak eta, aurreko aldian bezala, Euskalerria Irratia lizentziarik gabe utzi zuen. Emititzeko baimena eman zien, ordea, Net21 kateari eta Nafarroako Unibertsitateko irratiari. Erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu zuen Euskalerria Irratiak.

2005. Euskalerria Irratiak lizentzien banaketaren kontra jarritako helegitea onartu egin zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak; baliogabetu egin zuen lizentzien banaketa.

2006. Ostera irrati lizentziak banatzeko deialdia egin, eta Nafarroako Gobernuak eraturiko kontratazio mahaiak Net21 eta Nafarroako Unibertsitateko irratiaren alde egin zuen, berriro ere, Euskalerria Irratiaren eskaria bazter batera utziz. "Trikimailuak" salatu zituen Euskalerriak, eta helegitea aurkeztu zuen, berriro, auzitegietan.

2010. Otsailean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen 2006an egindako irrati lizentzien banaketa ere. Esleipen hori ere ez zen behar bezala egin, epaiaren arabera, eta "okerrak" izan zituen. Ebazpena "oso garrantzitsua" zela esan zuen Mikel Bujanda irratiko zuzendariak. Egun gutxi batzuen buruan, epaia "errespetatu eta onartu" egiten zutela esan zuen Alberto Catalan orduko Nafarroako Gobernuko bozeramaileak; argi utzi zuen, hala ere, epaiak ez ziola eskubiderik onartzen Euskalerria Irratiari lizentzia izateko.

2010. Martxoan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jarri ziola jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak, eta Espainiako Auzitegi Gorenak deus erabakitzen ez zuen bitartean ez zuela emango irrati lizentziarik. Azaroan, auzitan zegoen arazoa argitu ez dela argudiatuz, lizentziak berritu ditu Nafarroako Gobernuak. 

2012. Otsail bukaeran aurkeztu zuen irrati lizentzien lehiaketa berria Nafarroako Gobernuak. Euskarak %5 soilik balioko zuen Iruñerrian. 2013ko urtarrilaren 29an jakinarazi zuten epaimahaiaren erabakia: Ser eta COPE kateei eman dizkiete Iruñerriko bi lizentziak. Lau puntugatik ez du lortu baimena Euskalerria Irratiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.