Kronologia. Puzten joan den auzia

2013ko urriaren 17a
07:28
Entzun

2002ko apirilaren 29a. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz 11 lagun atxilotu eta zortzi miaketa egin zituen Espainiako Poliziak. Erosgune SL, Eneko SL, Ducal, Etxepare, Hator eta Aixa enpresak eta Donostiako Amara Zaharra auzoko Herriko Taberna miatu zituzten, besteak beste. Herriko tabernetako kontuak blokeatu zituzten eta jabegoak bahitu.

2002ko maiatzak 3. Batasuna “ETAren enpresa handi bat” dela, eta Herriko Tabernak kontrolatzen dituela esan zuen Garzonek, 10 lagun espetxeratzeko autoan.

2002ko maiatzaren 29a. Euskadiko Kutxako Barne Ikuskaritza Saileko zuzendari Iñaki Mallagarai atxilotu zuten, Garzonen aginduz,  Herriko tabernen kontrol judizialari “oztopoak jartzea” eta ETAri laguntzea egotzita.

2002ko uztailaren 3a. Kale istiluen erantzule egin zuen Garzonek Batasuna, eta 24 milioi euro eskatu zizkion. Hark ordaindu ez zituenez, 107 diru kontu eta 75 elkarte enbargatu zituen. Herriko tabernak ez zeuden Batasunaren izenean, baina, hori “benetako titulartasuna ezkutatzeko maniobra” zela argudiatu zuen epaileak.

2002ko abuztuaren 26a. Batasunaren jarduera hiru urterako eteteko agindu zuen Garzonek. Hurrengo egunean Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak alderdiaren  egoitzak itxi zituzten Bilbon, Gasteizen eta Donostian, hainbat herritako bulegoekin gauza bera egin zuten, eta  Iruñeko bi Herriko tabernetako bulegoak ere zigilatu zituzten.

2003ko maiatzaren 9a. Bahituta zituen 75 herriko tabernei administratzaile judiziala jarri zien Garzonek. Diruak “ETA erakunde kriminalaren eskuetaraino egiten duen bidea” eteteko helburuz.

2005eko urtarrilaren 25a. ETAko kide izatea egotzita Batasunako 36 kide auzipetu zituen Garzonek. Geroago, Eusko Legebiltzarreko kide izateagatik zuten aforatua galdu zutenean, Joseba Alvarez, Joseba Permach eta Josu Urrutikoetxea ere auzipetu zituen, eta azken hori bilatu eta atxilotzeko agindua ere eman zuen, ihesean zegoelako. Garzonek aldi baterako Espainiako Auzitegi Nazionala utzi zuenean, Arnaldo Otegi eta Jon Salaberria ere auziperatu zituen Fernando Grande-Marlaska epaileak.

2006ko urtarrilaren 17a. Garzonek agindutako jardueren etetea beste bi urtez luzatu zuen Grande-Marlaskak.

2006ko otsailaren 10a. Usurbilgo Aitzaga elkartea bi urtez ixteko agindu zuen Grande-Marlaskak.

2006ko urriaren 24a. Espainiako Auzitegi Nazionalak Batasuneko 37 kideren auzipetzea berretsi zuen, haien helegitea atzera botata.

2008ko apirilaren 1a. 35/02 auziko sumarioa amaitutzat eman, eta 41 lagun epaiketara bidean jarri zituen Garzonek, berriz ere Auzitegi Nazionaleko lanpostura itzulita. Zigor Salako 2. aretoaren esku
utzi zuen auzia, hark epaiketa egin zezan.

2010eko apirila. Fiskaltzak akusazio txostena aurkeztu zuen, Batasuna eta ETAren arteko “erabateko sinbiosia” nabarmenduz. Zortzi eta hamar urte arteko zigorrak eskatu zituen.

2011ko otsailaren 11. Auzipetuetako hamarrek jarritako azken helegiteak atzera botata, epaiketara bidean jarri zuen auzia Auzitegi Nazionalak.

2013ko ekainaren 3a. Akusazioek proposatutako froga denak onartu zituen Auzitegiak, eta defentsak proposatutako batzuk baztertu.

2013ko uztailaren 29a. Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro, Joseba Garmendia eta Joseba Imanol Kortazar auzitik kanpo utzi zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zehazki, “talde terroristako kide” izatea egotzita aurretik epaitu dituzte Otegi, Elkoro, Garmendia eta Kortazar, eta, Espainiako legediaren arabera, ezin da inor bi aldiz epaitu delitu bera egitea leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.