Nafarroako Foruzainek bost gizon atxilotu dituzte azken astean genero indarkeriari lotuta. Atxilotuetako bi Lizarrakoak dira, bat Corellakoa, Malerreka eskualdekoa beste bat eta Tuterako merindadekoa azkena.
Lehenengo atxiloketa uztailaren 18an izan zen, Tuterako merindadeko herri txiki batean. Atxilotua 32 urteko gizon bat da eta familiako kideen aurkako tratu txarrak, desobedientzia, erresistentzia, mehatxuak eta kalteak leporatzen dizkiote. Atxilotuak ustez etxeko zenbait altzari hautsi zituen eta familiako kideen aurka oldarkor jarri zen; familiako kideek Foruzainak etorri arte eustea lortu zuten.
Bigarren atxiloketa Lizarran izan zen, pasa den igandean. Emakume batek bere senarrak eraso egin ziola salatu zien udaltzainei; hauek Foruzainei abisua pasa eta erasotzailea, 26 urteko gaztea, atxilotua izan zen.
Beste hiru atxiloketak astelehenean izan ziren. Lizarran bertan, Egako 37 urteko gizon bat atxilotu zuten. Emakumeak 112ra deitu zuen bere bikotekideak eraso egin ziola salatzeko. Udaltzainek herriko osasun zentrora eraman zuten azterketa egin eta salaketan horren berri emateko. Foruzainek erasotzailea Lizarran aurkitu eta atxilotu zuten.
Malerrekako eskualdean, 20 urteko gazte bat atxilotu zuten, ustez eztabaida baten ondoren bere bikotekide ohiari jotzeagatik. Azkenik, Corellan, 52 urteko gizon bat atxilotu zuten, bere familiako hainbat kideren aurka eraso eta mehatxu egitea leporatuta.