Santi Brouard eusko legebiltzarkide ohia hil zuteneko 25. urteurrena gaur bete dela-eta, ezker abertzaleko buruzagia hil izana gaitzesteko adierazpen instituzionala plazaratu du gaur Eusko Legebiltzarrak, aho batez onartu ondotik. "Herritarren botoei esker ordezkaritza legitimoa duen norbaiten aurka egiteak duen larritasuna" dio agiriak. "Errespetua" adierazi dio Brouarden memoriari, eta familiari eta lagunei "duela 25 urte adierazitako doluminak eta elkartasuna".
Arantza Quiroga PPko kide eta Eusko Legebiltzarreko presidenteak irakurri du agiria.
Aralar poztu egin da
Aralarrek "poza" agertu du gaurko aitorpenarekin. "Beharrezkoa zen Eusko Legebiltzarrak adierazpen instituzional hau onartzea, eta aho batez onartzea, gainera. Gogoratu beharra dugu gure historian erailitako lehenengo legebiltzarkidea bera izan zela. Horrela, urratsak egiten dira biktima guztiak maila berean jartzeko eta tratamendu bera jasotzeko, horretarako eskubidea dutelako”, esan du Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak.
Brouarden hilketa salatu du Eusko Legebiltzarrak; Quiroga PPko kideak irakurri du agiria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu