Allande Sokarros
Gazan iragan abenduaren 27an hasitako oldarraldi militarrean alde bakarreko su-etena aldarrikatu ondoren, lurralde palestinarretik erretiratzen hasi zen atzo Israel. Hamasek ere menia jarri zuen Tel Aviven erabakia jakin eta zenbait ordura. Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak, baina, astebeteko epea eman die soldadu israeldarrei Gazatik alde egiteko. Era berean, Hamasek Tel Aviv eta nazioartea ohartarazi ditu armak biltzen eta buru egiten jarraituko duela etorkizunean.
Israelgo armada Gazako mugetara erretiratzen hasia da, larunbatean Tel Aviveko gobernuko Segurtasun Kabineteak alde bakarreko su-etena ebatzi ondoren. Alabaina, bai agintari politikoek, bai militarburuek ohartarazi dute erasoari berriro ekinen diotela Gazatik Israelgo lurretara misilak botako balituzte berriz ere. Misil jaurtitzeak gelditzea izan zen Israelgo Gobernuak Gazari oldar egiteko aitzakia. Erasoaldi horrek 22 egun iraun du, eta ikaragarrizko ondorioak eragin ditu. Behin-behinekoak diren datuen arabera, gutxienez 1.315 palestinar hil dira, tartean 410 haur eta 108 emakume, eta 5.300dik gora zauritu. Txikizioen balantzea ere itzela da, Gazako arduradunen arabera, 4.100 etxebizitza erabat desegin baitituzte, eta 17.000 inguru andeatu.
Hamasek, anartean, ziurtatu du Israelek ez duela lortu Gazako palestinarren erresistentzia apurtzea. "Etsai sionistak ehunka haur, emakume eta adineko hil ditu, baina gure erresistentzia amaitzea ez du lortu", adierazi du Hamasen adar armatu Izzeddin al Kassem Brigadetako eledun Abu Obeidak. Horrek argi utzi du Hamasek armak biltzen eta okupazio indar israeldarrei buru egiten jarraituko duela, Tel Avivek eta nazioarteak hori galaraztea helburu izanik ere.
Bilera ugari, konponbide bila
Gazan menia egonkorra finkatzeko xedean, jarduera diplomatikoek etengabe jarraitzen dute. Hala, Europako Batasuneko txandakako presidentetza duen Txekiar Errepublikak 27 herrialdeetako diplomaziaburuak gonbidatu ditu Israelgo Atzerri ministro Tzipi Livnirekin Bruselan biltzera, bihar. Bertan, Egipto eta Gaza arteko mugan, segurtasuna bermatzeko, EBk zelako esku-hartzea izan lezakeen aztertuko dute. Bestetik, egunotan Ekialde Hurbiletik ibilki den NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moon Gazara joan liteke gaur bertan.
Europako Batasunak, bestetik, ohartarazi du ez duela Gaza berreraikitzeko laguntzarik emango, eskualdea Al Fataren eskuetara itzuli ezean. Bruselak eta Washingtonek talde terroristatzat dute Hamas. Horiek hala, batasuneko gobernua osatzeko eskatu diote egun PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buru den Mahmud Abbasi. Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek, berriz, Israel NBEtik kanporatzeko eskatu diete Mendebaldeko agintariei, eta Gazan nahiz Libanon egindako gerra krimenak ikertzea galdegin. "Israelek Gazan egin duena krimen terrorista bat izan da".
Bruselak ez du Gazarako diru laguntzarik emango Hamas agintetik kendu artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu