Bildu, Aralar, Ezkerra, eta Geroa Baiko parlamentariek egin dute ikerketa batzordea lehenbailehen sortzeko eskaera. “Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Iruñeko Monte de Piedadeko arduradunek hartu dituzten erabakiak zein diren” jakiteko asmoz sartu dute CAN ikertzeko batzordea sortzeko eskaera, Nafarroako Parlamentuan. Haien ustez, “finantza tresnarik garrantzitsuena galdu du Nafarroak”, eta horregatik da garrantzitsua “prozesu osoan egon diren irregulartasunen erantzukizun politikoak zehaztea”. Nafarroako Kutxa 1999an sortu zuten, bi kutxa horien bat egitetik, eta ordutik ikertzeko eskatu dute.
CANek sorreran zeukan funtzio sozial eta ekonomikoa galdu dela uste dute, Nafarroako herritar, langile, enpresa txiki eta ertain, autonomo eta administrazio publikoei eragiten diela, “herrialdearen etorkizunari” azken batean. Horregatik “herritarrek jakin behar dute zer gertatu den, zein gehikeria egin diren prozesu osoan, eta nork egin dituen”.
Parlamentuak aurretik eskatuak ditu 2002tik 2012rako Nafarroako Kutxako hainbat organoren bilera aktak, baina dokumentu horiek dituen erakundeak, CAN fundazioaren egungo gestio batzordeak, uko egin dio informazio hori herri ordezkariei banatzeari. Batzorde hori gobernuak izendatua da.