Erreakzioak

Carod-Rovira ETAko zuzendaritzarekin bildu ondoren CNI-ren inguruan sortu den afera

2004ko urtarrilaren 28a
14:23
Entzun
CNI Espainiako Intelijentzia Zentroak Josep Lluis Carod-Rovira ERCko idazkari nagusiak Batasunarekin eta ETAren zuzendaritzarekin Perpignanen (Frantzia) izandako bi elkarrizketa grabatu zituela argitara eman du gaur 'El Mundo' egunkariak. Egunkari horren arabera, Carod-Rovirak bilera bat egin zuen abenduan Batasuneko bi kiderekin, nahiz eta hitzordu horretan Mikel Albizu eta Josu Urrutikoetxea ETAko kideak ziren egotekoak.

'El Mundo' egunkariak jasotzen duenez, Batasuneko bi kideek ETAren zuzendaritzako kideak ez azaltzearen arrazoiak eman zizkioten ERCko buruari, eta bigarren bilera baterako hitzordua eman zioten. Bitartean, CNI-ko kideek Carod-Roviraren eta Batasuneko bi kideek hitzordua egin zuten etxera sartzen eta irtetzen grabatu zituzten. Bigarren bilera hori urtarrilaren 4an izan zela dio 'El Mundo'-k, eta hori ere CNI-ko kideek grabatu egin zutela dio.

Halaber, ERCko kideari CNI aspalditik jarraipena egiten ari zitzaiola dio Madrileko egunkariak. Horrez gain, CNI-ko kideek ERC alderditik bertatik jakin zuten harreman horren berri.

Oposizioaren eskariak

'El Mundo' egunkariak kaleratu duen informazio horren haritik, erreakzioa ugari jaso dira oposizioko alderdien aldetik. PSOEko idazkari nagusi Jose Luis Rodriguez Zapaterok PPko Gobernuari galdetu dio Carod-Rovira ETAko kideekin biltzekoa zela ba ote zekien, eta CNI-k "elkarrizketak grabatu" zituela ba ote zekien. Zapateroren esanetan, "pisu handia duten eta oso serioak diren bi galdera dira", eta PP "jarrera lotsagarria" izaten ari dela nabarmendu du.

Iñaki Anasagasti EAJk Espainiako Kongresuan duen parlamentarioak Espainiako Defentsa ministroaren eta CNI-ko zuzendariaren agerraldia eskatu du, "politiko demokratikoei espioitza" egin diotela uste baitu. Afera honetan konturik "larriena" zera da, "zerbitzu sekretuak erabiltzen dituztela politikoei espioitza egiteko, eta ez ETAko zuzendaritzako kideak atxilotzeko, non zeuden jakinda", adierazi du Anasagastik.

Anasagastiren esanetan, CNI Espainiako Intelijentzia Zentroaren jarrera estatu demokratiko batean "neurrigabeko eskandalua" izango litzateke, eta gogora ekarri du Richard Nixon AEBetako presidenteak kargua utzi zuela espioitza kasu bategatik. Horrez gain, EAJko kideak CNIko kideek zelatatu egin dituztela esateko frogak badituela esan du Anasagastik, eta osoko bilkura batean galdetu ziola CNIko zuzendari Jorge Dezcallarri ea politiko demokratikoak zelatatzen ari ziren eta hark ezezkoa esan zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.