CiU alderdia da igandean Kataluniako hauteskundeak irabazteko faborito garbia. Atzo inkesta guztiek jo zuten irabazletzat, eta zenbaitzuek gehiengo osoa lor dezakeela ere esan dute. Kanpaina azken astean sartu da gaur, eta Artur Mas CiUko hautagaiak modu horretan ekingo dio, jakinik, oker handirik ezean, berak irabaziko dituela hauteskundeak.
Atzo gauean TV3 Kataluniako telebista publikoan hautagai nagusiek egin zuten mahai inguruan ere, Jose Montilla (PSC), Joan Puigcercos (ERC), Alicia Sanchez-Camacho (PPC), Joan Herrera (ICV-EUiA) eta Albert Rivera (Ciutadans) hautagaiek faborito dela jakinik jokatu zuten Masekin, eta ateratzear den gobernuko kideei baino gehiago kritikak berarengana zuzendu ziren.
Montilla presidenteak aurrezko aurre jokatu zuen Masekin, baina hori, bere estatusa zein den jakinik, ez zen joko horretan sartu. Bi hautagai nagusien arteko lehia nagusiaren hizpide aliantza norekin egin izan da. Montillak esan du berak "inoiz ez" lukeela PPrekin gobernatuko, eta CiUko hautagaiari gauza bera egiteko eskatu dio. Masek orduan tratu bat egitea proposatuz erantzun dio: irabazten duenak bestea lagunduko du PPrekin gobernatu behar izan ez dezan.
Izan ere, atzo argitaratu ziren inkesten arabera, PP hirugarren indar politikoa izango da. PSC eta ERC gobernuan dauden alderdiak atzera egingo dutela diote inkesta horiek. Joan Puigcercos ERCko hautagaiak ere bere proposamena luzatu zion Masi, eta kontzertu ekonomikoa hitzartzeko bere babesa eskaintzeaz gain, horrek aurrera egiten ez badu, autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko eskatu dio. Masek irabaziko ez lukeen erreferendumik ez duela egingo erantzun zion.
Mas-Montilla telebistako aurrez aurrekoa prest
Bihar telebistako aurrez aurrekoa grabatuko dute Artur Mas eta Jose Montillak, Kataluniako beste hautagaiak baztertuta.
CiUk gehiengo osoa lor dezakeela diote inkestek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu