Confebask patronalak gaitzetsi egin du EAJk eta PSE-EEk zerga erreforma baterako aurkeztu duten proposamena. Enpresaburu elkartearen ustez, "galdutako aukera" izan da jarduera suspertzeko eta enplegua sortzeko. "Enpresen lehiakortasuna zigortzen du", kritikatu du, eta epe ertainera begira enpleguaren sostengarritasuna "arriskuan" jartzen duela uste du.
Sozietate zergaren tasa nominala ez aldatzeko erabakiak haserratu du Confebask. Elkartearen arabera, egungo tasa nominalari (%28) lau puntu kentzeak 600 milioi euroko inbertsioa sustatuko luke, eta 6.000 lanpostu sortuko lituzke. Herrialde aurreratu "gehienek" kontrako bidea egin dutela azpimarratu du, halaber. Horren haritik zehaztu du EBko herrialdetan sozietate zergaren batez besteko tasa %22,6 eta eurogunekoa %24,4 dela.
"Laburrera begira egindako akordioa da, eta gaurko bilketa jartzen du biharko enpleguaren eta inbertsioaren gainetik", salatu du enpresaburu elkarteak. Gainera, aurten espero den zerga diru bilketa ikusita, uste du ez dagoela "justifikatuta".