Dan Koeppel (Kazetari eta idazlea): "Aldi berean, bizirik irauteko elikagaia eta negozio handia da platanoa"

2014ko apirilaren 4a
12:59
Entzun

Dan Koeppel AEB Ameriketako Estatu Batuetako idazle eta kazetaria da, 1962an jaioa eta Kalifornian bizi dena munduan zehar bidaiatzen ari ez denean. 2007an liburu bat argitaratu zuen, Banana: The Fate of The Fruit That Changed The World (Banana: mundua aldatu zuen fruituaren patua), platanoaren inguruko kontu jakingarri ugari dakartzana. Liburu horren edizio berriztatua argitaratuko da 2015ean.

Irakurlea harriturik utz dezaketen zenbait baieztapen egiten dituzu zure liburuan. Esaterako, platanoak, "fruiturik apalena" izaki, "mundua aldatu" egin duela.

Platanoa munduko fruiturik apalena da arrunt, merke eta eskuragarritzat jotzen dugulako. Baina, egiatan, oso konplikatua, liluragarria eta antzinakoa da. Landaturiko lehen fruitua izan zen. Munduko laborerik garrantzitsuenetako bat da. Aldi berean, bizirik irauteko elikagaia da, Afrikan jendea hilko bailitzateke jateko bananarik edukiko ez balu, eta negozio erraldoia ere bada.

Era berean, platanoak "nazioak suntsitu eta bizitzak hondatu" egin dituela idatzi duzu.

XX. mendearen hasieran, AEBetara eta Europara platanoak lehenengo aldiz inportatu zituzten gizonak krudelak eta errukirik gabeak ziren. AEBetako Gobernuaren laguntzaz, hogei bat ekintza militarretan parte hartu zuten, langileei galarazteko euren burua antolatzea, lurren jabe bilakatzea edo industriaren etekinen partaide izatea. Zehazki, platanoaren industria izan zen mila bat langile eta senitartekoren heriotzaren erantzule Kolonbian 1928an, Gabriel Garcia Marquezen Cien años de soledad eleberrian jasotako gertaera. 1954an, CIAren laguntzaz, bananaren industriak Guatemalako presidente demokratikoki hautatua kargutik kendu zuen, 30 urtean iraungo zuen kaos eta sarraskiari bide emanez.

Zertan da platanoaren iraupena arriskuan jartzen ari den gaixotasuna?

Panamako gaitza deritzona onddo bat da, sendaezina eta azkar erreproduzitzen dena. 1900etik 1950era banana uztak hondatu zituen gaitzaren errepikapen bat da. Gaitzaren aldaera hark Gros Michel izeneko platano mota kolpatu zuen, praktikan desagertzera eraman arte. Azken minutuan, industriak beste platano mota bat hartu zuen, gaur egungo Cavendish izenekoa, Panamako gaitzak eragiten ez ziona. Baina, 1990etik aurrera, Panamako gaitzaren beste aldaera bat agertu zen Malaysian, Cavendish platanoei ere eragiten diena. Geroztik, Txinara, Filipinetara eta Australiara hedatu da, eta, oraindik orain, Ekialde Hurbilera eta Afrikara ere igaro da.

Arazoa konpontzerik badagoela uste al duzu?

Bai. Platanoaren industriak Cavendish motaren monolaborantza albo batera utzi eta gaitzaren kontra babestuta daude beste platano moten multzo bat erabiliz. Horretan gakoa izan daiteke genetikoki aldarazitako banana mota bat erabiltzea, baita maila altuagoko beste platano batzuk ere, zapore hobea dutenak, garestiagoak eta langileei etekin handiagoak eta lan egoera hobeak ekarri ahal dizkietenak.

Nola eragin dezake merkatuan eta langileen egoeran Chiquita eta Fyffes konpainiek bat egiteak?

Seguru asko, bananaren prezio altuagoak eta konpainia bientzako etekin handiagoak ekarriko ditu, askoz handiagoak izango ez diren arren. Langileentzat, berriz, gustatuko litzaidake esatea prezio altuagoek soldata altuagoak ekarriko dituztela, baina ez nago horretaz hain ziur.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.