Ekimenak

Demoen partida luzea euskararen alde

2004ko urtarrilaren 15a
15:51
Entzun
2001eko urtarrilean abiatu zuten demoek herri zerbitzuetan euskararen erabilpena sustatzeko kanpaina. Bilkurek fruitu urria ekarri dute, eta ekintzak etengabeak izan dira.

2001

Otsaila: Bilkura eskatu zioten SNCFeko zuzendariari. Martxoan eskari bera egin zuten. Erantzunik ez zuten jaso.

Apirilaren 22a: 50 demok geltoki nagusietako seinaleak euskaratu zituzten.

Maiatzaren 4a: Bilkura egin zuten Bernard Thrishler Baionako SNCFeko zuzendariarekin.

Azaroaren 10a: Lillera doan abiadura handiko trena oren batez geldiarazi zuten. Poliziak bortizki atera zituen trenbidetik.

2002

Martxoaren 16a: 630 lagun bildu ziren demoek antolatutako lehen manifestazioan.

Apirilaren 4a: Bilkura berri bat egin zuten SNCFeko arduradunekin. Eskakizunak bete arte kanpaina jarraituko zutela jakinarazi zioten.

Urriaren 13a: Hiru lagunek geltokiko atari gaineko taula kendu eta 'Baiona' zioena jarri zuten. Poliziak atxilotu egin zituen eta laugarren pertsona batekin batera 20 oren atxiki zituzten Baionako komisaldegian.

Azaroaren 7a: Hiru demori 5.450 euroko isuna ezarri zien auzitegiak. Poliziak negar gasak erabiliz hustu egin zuen auzitegia, epailearen agindurik gabe.

Abenduaren 17a: Lau demo epaitu zituzten Baionan. 4.480 euroko isuna ezarri zieten. CRSek berriz ere kanporatu egin zituen elkarretaratu ziren lagunak, bortizki. Negar gasak, makil kolpeak eta ostikoak erabili zituzten jendea eskaileretan behera jaurtikiz. Zauritu ugari izan ziren.

2003

Urtarrilaren 31a: Trenbideetako 173 langilek agiri bat izenpetu zuten SNCFari euskararen erabilpena susta zezan eskatuz.

Martxoaren 1a: 170 lagunek parte hartu zuten trenbidean zehar egindako ibilaldian. 150 abiatu ziren Miarritzeko geltokitik. Poliziak Baionarantz segitzea galarazi zien. 17k bidea segitu zuten, atxilotu arte.

Martxoaren 24a: Bederatzi pertsona autoinkulpatu egin ziren dira atxilotutako 17 demoei sustengua adierazteko. Bertze 60 laguneik ere izenpetu zuten autoinkulpazioa.

Apirilaren 3a: 17en auzia. 13 euskaraz mintzatu ziren epaitegian. Epaileak euskaraz mintzatzea debekatu zien. Bakoitzari 200 eta 400 euro arteko isuna ezarri zien epaileak.

Maiatzaren 24a: 'Euskarari bai, errepresioari ez' izenburupean 250 pertsona bildu ziren Baionako geltokian.

Ekainaren 5a: Akitaniako lehendakariorde Jean Louis Carrererekin bildu ziren. Gaia aztertuko zuela eta ekintzak gelditzeko eskatu zien.

Azaroaren 8a: Mus partidak egin zituzten trenbideetan. 63 lagun atxilotu zituzten.

Azaroaren 10a: SNCF-k eskatuta Gorka Torre demoaren ontasunak bahitzen zituen poliziak etxeko zerraila behartuz.

Abenduaren 22a: 24 gaztek Baionako geltokiko bulegoak okupatu zituzten. Poliziak arratsaldean atxilotu eta biharamuneko eguerdira arte atxiki zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.