Irabazle izan dira lehenago errepublikanoenak ziren 18 barrutitan, eta 15 behar zituzten gehiengoa eskuratzeko. Azken hamabi urtetan Alderdi Errepublikanoaren menpe egon da Ordezkarien Ganbera. Senatuan ere bide onetik doaz demokratak:gehiengoa izateko behar zituzten 6 senadoreetatik 4 erdietsi dituzte dagoeneko. Virginiako emaitzek erabakiko dute Senatuan ere nagusitu diren ala ez.
Kongresua -Ordezkarien Ganbera zein Senatua- berritzeko hauteskundeak egin ziren atzo AEBetan, eta zenbaketa erabat amaitu gabe dagoen arren, orain arteko emaitzek argi utzi dute George Bush presidentearen Alderdi Errepublikanoa zigortu dutela hautesleek.
Izan ere, hamabi urtean euren kontrolpean izan ondoren, Ordezkarien Ganberan gehiengo izateari utzi diote jada errepublikanoek: Alderdi Demokratako hautagaiak irabazle izan dira lehenago Alderdi Errepublikanoarenak ziren 18 barrutitan, eta horrenbestez, gehiengoa eskuratu dute. Nancy Pelosi demokrata izango da, horrenbestez, Ordezkarien Ganberako burua. Kargu hori eskuratzen duen lehen emakumea izango da.
Besteak beste, Indiana aulki bat galdu dute errepublikanoek; New Hampshiren bi; bat Ipar Karolinan eta beste bat Arizonan.
Analisten iduriko, emaitza horiek adierazten dute AEBetako iritzi publikoa ez datorrela bat Bushek Iraki buruz hartu dituen erabakiekin, eta, gainera, auzi hori, inbasioa hasi zenetik lehendabiziko aldiz, AEBetako politikagintzaren ardatz bihurtzen ari dela agertu dute.
Ordezkarien Ganberan ez ezik, Senatuan ere garaile izan daitezke demokratak: egun errepublikanoen eskuetan ziren sei aulki eskuratu behar zituzten horretarako, eta dagoeneko lauren jabe egin dira.
Hauteskundeak AEBetan
Demokratak nagusitu dira Ordezkarien Ganberan eta Senatua bereganatzeko Virginiako emaitzen zain daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu