Iragarpenak

Diru gehiago berrikuntzarako eta gazte enplegurako

2015eko irailaren 24a
12:07
Entzun

Legealdiko azken urtean sartu da honezkero Iñigo Urkullu lehendakaria. Politika orokorreko osoko bilkuraren parterik handiena baliatu du honezkero gobernuak egin dituen edo prestatzen ari den egitasmoak azaltzeko. Tarteka, zenbait iragarpen egin ditu, baina ez eskala handikoak.

Zehatzenak izan dira datozen urteko aurrekontuetako gastuari buruzko bi. Batetik, berrikuntza sustatzeko inbertsio handiagoa ziurtatu du. Hala, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak 2016rako aurreikusita zeukan aurrekontu hazkundea "bikoizteko" borondatea adierazi du. Bestetik, gazteak laneratzeko asmoz Enplegu Sailak kudeatzen duen Lehen Aukera programarako dirusaila %50 handituko dela jakinarazi du.

Errefuxiatuen krisia ere aipatu du lehendakariak. Krisi ekonomikoaren ondorioz lankidetza arloari eskainitako dirua murriztu dela onartu du, baina gobernuaren "bokazioa" ezin dela zalantzan jarri ziurtatu du. Datorren hilabetean giza larrialdietarako laguntza multzo berri bat aurkeztuko du Jaurlaritzak. Horren bidez bi milioi euro banatuko ditu, "batik bat Sirian".

Beste erakundeekin elkarlanean egin beharreko proiektuak aurreikusi ditu gobernuak. Horien artean familiei laguntzeko eta jaiotze-tasa bultzatzeko "estrategia berria" proposatuko du. "Familiek nahi adina seme-alaba izatea ahalbidetuko duten neurriak bultzatzearekin bat gatoz", zehaztu du Urkulluk.

Azken txanpan egin beharreko ekintza zerrenda luzea jarri dio bere buruari Jaurlaritzak. Besteak beste, horien artean daude lurralde antolamendu irizpideak gaurkotzea; Basque Global Network munduan dauden euskal herritarren sarea martxan jartzea; doako justizia arautuko duen dekretu berria onartzea, edo energia eolikoan ikerkuntza bultzatzeko asmoa duen Vanguard Europako proiektua aurkeztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.