Niagarak urjauziak ditu, Las Vegasek kasinoak... Eta New Hampshirko Dixville Notch herri ttipiak? Haiek ere badute euren atrakzio turistikoa, lau urtean behin: AEBetan botoa eman, zenbatu eta emaitzak jakiten diren lehen lekua izatea, gauerdiko kanpaiekin batera. Hogeita bat pertsonak bozkatu dute aurten eta 15-6 irabazi du Obamak. Demokrata bat garaile, lehen aldiz berrogei urtean.
Floridan gertatutakoen haritik, zirto asko entzun dugu azken urteotan AEBetan bozkatzeko sistema traketsa azaltzeko: zeure botoak kanika bati eragin, kanikak hodi luze baten barrutik irristatuz domino pieza bati jo, domino piezak beste ehun pieza bata bestearen segidan bota, eta azkenean, zakur batek hortz artean domino pieza hartu, usaindu, eta gustuko badu kontabilizatu, edo, gustuko ez badu, bere hezur bildumarekin batera lurperatu egiten duela zure bozka, adibidez. Txistea, zakurra Bush familiarena zela esanez amaitzen da, jakina.
Tira, ez da hain konplikatua ere. Gurpildun fotomatoia da botoa emateko trastea. Semaforotxoa ere badu, tramankulua prest dagoela adierazten duena. Goizeko seietan ilaran dago jada jendea. Ni ere ibiliko nintzateke goiztiar, baldin eta, gaur hemen zain dauden askori bezala, lanera bost minutu berandu iritsiz gero ordubeteko soldata kenduko balidate. Harrigarria ere bada aireportuetan begiko zuringoa arakatu eta lehen jaunartzeko argazkia eskatzen dizuten herrialde batean bozkatzeko orduan identifikaziorik batere ez eskatzea (ez da leku guztietan horrela: Coloradon, esate baterako, eskatzen dute). Fidatu egiten dira: zerrendan bazaude, sinatu eta aurrera. Larria da suplantazio delitua, nonbait, eta fio dira inork beste norbaiten izenean botorik emango ez duela. Botoa eman baino zerbait gehiago da, izatez, cast the ballot. Hala begitantzen zait, cast aditz polisemikoak baduela eskulanarekin lotura -aingura jaurti eta aktoreak aukeratzearekin ere bai, bestalde-. Sinbolikoki besterik ez bada ere, ahalegin handiagoa eskatzen du palankari eragiteak: hautesleak Amerikaren moldeari itxura ematen laguntzen duela sentitzen du, nolabait. Makinaria mekaniko industrial bat aktibatu duela. Fedeaz gain, indar fisikoa eskatzen du botoa ematearen ekintzak. Ulertzeko moduan azaltzeko: palanka gorri bati alde batera eragin ondoren, pilotuak hegazkina aireratu aurretik leku egokian jarri behar izaten dituen giltzen antzekoak diren giltzatxo sorta bati eragin behar dio hautesleak. Presidenteaz aparte, panel horretan, epaileen izenak daude, besteak beste (ordezko epaile baten hautagaitza barne: juez sucedáneo, gaztelerazko itzulpenaren arabera... Hemen gutxienez gauzei beren izenez deitzen diete!). Giltzatxoz betetako panel honen abantaila nagusia, hautu asko aldi berean egin ahal izatea da. Hauteskutxa asko beharko lirateke, osterantzean. Hautuak egin ondoren, palanka gorriari kontrako norakoan eragin eta badoa hegazkina. Makina ataska daiteke lantzean behin, baina bestelakoan, ez du bere mekanikak tatxarik. Botoak zenbatu beharrik ez dago, hautestokiek ateak itxi orduko zenbaketa egina baitago. Palankak ateratzen duen zarata berealdikoa da, gillotina baten antzekoa, harategiko aizkora, ate baten danbatekoa. Inori bozka ez ematea da, beharbada, konplikatuena: “lehenbizi giltza zilarreztatuari eragin, eta gero palanka gorriari, boto- makinatik irten ahal izateko”. Bestela ezin ote dugu irten? Inkietagarria bada, behintzat.
Izatez, oso modu ezberdinak daude boza emateko. Lehen aipatu Dixville Notch herrixkan, kasu, gure gutunazal klasikoa erabiltzen dute. Baina telepatiaz boza ematea da ederrena: haien bozak zerbait aldatuko duen esperantzan, lanera joan aurretik begiak dirdirka telepatikoki so egiten dizuten horien begirada bidezko botoa, alegia. Dolarren zeinuen ordez, Obamak begietan. Hunkitzerainokoa den amerikar xalotasun inbidiagarri eta ordenatu hori.
Kalean, paparrerako txapa berriak salgai bildumarako. Obamarenak denak. Bat erosi diogu saltzaileari. Gora doa kotizazioa: duela egun batzuk hiru dolarretan zena, bostean dago orain. “Zenbat saldu dituzu honezkero?” “Mila, hiru ordutan. Jendeak seinaka erosten ditu... Baina dirua ez da niretzat, e? Homeless-entzat baizik...”. Hope eta Change hitzen ordez, beste bat irakurri dugu hautagai demokrataren aurpegi irribarretsuaren azpian: Victory.
Dixville Notch indizea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu