Honakoa da Joan Maria Uriarte Donostiako gotzainak Roucoren adierazpenen inguruan argitaratu duen oharra:
"Gotzain Batzarraren ostean elizbarrutira itzuli naizenean ikusi ahal izan dut, Batzarraren Presidenteak hilaren 17an egindako sarrera-hitzaldian esan zituen hitz batzuek kezka eta harridura handia sortarazi dutela Gipuzkoako kristau elkartearen inguru zabal batean. Hitz horiek, Eusko Jaurlaritzak denbora asko ez dela Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu duen “Bizikidetzarako Egitasmoa” deituarekiko gaitzespen morala esan nahi zutela ulertu da alde guztietan.
Elizbarrutiko nere elizkideei argitu nahi diet aipatutako hitzaldiaren testuaren erantzule bakarra Presidentea dela, ez beste inor, nahiz eta idatzi hori orain urtebete Espainiar Gotzaingoaren gehiengo nabarmen batek onartutako agiri batean oinarritzen den. Hitzaldi hauetan ohikoa denez, Apezpikuen Batzarrari ez zaio aldez aurretik kontsultarik egin eta Batzarrak gero ere ez dio bere onespenik eman.
Euskal Autonomia Erkidegoko gotzainok “Bakea Prestatu” Pastoral Idazkia eman genuen argitara 2002ko maiatzaren 29an. Hor aurkituko dituzte Gipuzkoako katolikoek auzi garrantzitsu eta delikatu honetarako argi egingo dieten oinarrizko irizpide moralak, pentsamendu sozial kristautik atereak. Aipatutako idazkiak dio, printzipioz, «(eredu politiko desberdinek) giza eskubideak errespetatzen dituzten artean eta esparru baketsu eta demokratikoen barruan ...irauten badute, Elizak ezin dituela ez etikak eskatuta berretsi ezta etikaren izenean baztertu ere.» (6.zenb). Halaber, zera adierazten du: ez dagoenez eredu bakar bat ere “dogma politikoa” denik eta «baldintzagabeko baiezkoa zor zaionik» (6.zenb), egitasmo guztiek gainetik jarri behar dute «gizartea bakeratzea, hori askoz balore baliotsu eta beharrezkoagoa baita talde guztien helburu guztiak bete ezin izatea baino.» (5.zenb). Azkenik dio premiazkoa dela «guztion artean eta guztiontzako» bizikidetza eredu bat bilatzea. (5.zenb).
Pastoral Idazki hau funtsezko eliz-magisterioa da gure elizbarrutiarentzat. Agiri honek jasotzen dituen irizpideen argitan, herritar bakoitzak bereizi eta erabaki egin beharko du zein den, formula desberdinen artean baldintza etikoei eta norberaren bidezko aukerei egokien erantzuten diena. Erabaki hori benetako egoera kontu handiz begiratuz hartu beharko du, erabilitako bideen zilegitasun morala aztertuz, bateko eta besteko aukerek ustez ekar ditzaketen ondorioak neurtuz eta goi-helburutzat gure gizartearen bakea eta adiskidetzea ipiniz.
Donostian, 2003ko azaroaren 22a
+Joan Maria Uriarte
Donostiako gotzaina"
Espainiako Eliza eta Ibarretxeren Plana
Donostiako Gotzainaren oharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu