Frantziako Tourreko 4. etapan EPOrengatik positibo eman zuelako lasterketatik eta bere taldetik botatako ziklista italiarrak, Riccardo Riccok, auzitan jarri ditu berari egin dizkioten dopinaren kontrako kontrolak. Gainera, lasterketa irabazteko moduan zela esan du.
Gazzeta dello Sport kirol egunkarian gaur azaldu duenez, "kontra-analisia egin arte itxaron" behar da, "erabilitako metodoa baliagarria den edo ez ikusteko". "Ez dut uste ehunetik ehunean segurua denik".
Lasterketan ibilki zela, Riccok beti ukatu zuen sailkapen nagusian irabazle izatea bere asmoen artean zegoela; aitzitik, orain esan du hura irabazteko moduan zela. "Mundu guztiak ikusi zuen zein indartsu nenbilen. Lasterketagatik lehia nintekeen".
Ricco aurtengo Tourrean positibo eman duen hirugarren txirrindularia da, Manuel Beltran eta Moises Dueñas espainiarren ondotik.
Frantziako Jendarmeriaren egoitzan igaro dituen orduez mintzo, esperientzia hori "ezta txakur bati ere" ez diola desio azaldu du. Halere, polizien tratua ez du auzitan jarri. Apenas hartu zuen eman zitzaion janaria -zehaztu du-, eta gaua lurrean igaro zuen, maindire batez estalia.
Animoak lurretik, baina aurpegia emateko prest
Italiarrak dio orain "lurretik" dituela animoak, baina aurki berriz bizikletan -"nere bizitza"- ibiltzea espero duela esan du, "paseo batek ezin baitu gaitzik egin".
Nolanahi ere, nabarmendu egin du ez zuela "deus txarrik egin", eta aurpegia emango duela azaldu du. Azken egunetan hitzez eraso egin dioten guztiak kritikatu ditu, halaber. "Bi zaletu mota daude: garaipenaren trenera igo zirenak, eta besteak. Azken hauei pazientzia eskatzen diet".
Dopina hartu izana ukatu du Riccok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu