Une gogoangarria da Euskal Herriarentzat. Adarrek eman dute katean hasi eta bukatzeko seinalea. Hasi da orain atzera gabeko bidea. Euskal Herriak katea egin du, mugitu da olatuan, Durangotik Iruñera, eta orain bi guneetan jendetza dago jai eta aldarrikapen giroan.
Iruñean lehen metroak ordenatuta egon dira, baina gero multzoka osatu da katea. Durangon ere berdin. Hasiera ordenatuan izan dira, eskutik helduta, baina ezin kabitu, txiki geratu dira guneak. Pilatuta da jendea. Aitziber Laskibar kazetaria izan Durangon; Naiara Elola Iruñean, eskuz esku, eta haien arabera, jendea emozioz beterik dago. Bero dago, bero izugarria, giroa bezainbeste.
Adarrak eman du amaiera. Txalaparta ozen aritu da katearen bi muturretan, eta jendea txaloka, pozik.
Ekitaldian batu dira katearen ondoren hizlariak Iruñean eta Durangon, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen, herritarrek zer nahi duten deliberatzeko eskubidea.
Iruñean nafarren eskubideak aldarrikatu dituzte, “mugez gaindi norabide berean” baitoaz. “Hori da guk nahi duguna, guk deliberatzea zer nahi dugun izan, guk erabakitzea gure mapak zer forma behar duen izan, Euskal Herriaren zati garelako gu ere”.
Tradizio politiko bakoitzak berea duen arren, egitasmo ezberdinak dauzkan arren, kontrajarriak zenbaitetan, "ezin da besteen esku utzi gure erabakia. Horixe besterik ez da erabakitzeko eskubidea: demokrazia. Elkarrekin, elkarren ondoan bizi garenon arteko adostasuna. Oinarri amankomun batean batuko gaituena”.
Antolatzaileek azken egunotan bizi izan duten “zoramena” izan du hizpide, berriz, Nerea Iriartek Durangon. “Abentura bat izan da”, baina gaurkoa ikusita merezi izan duela nabarmendu du. “Giza katea Durangon hasteak ohorea suposatu du, baina ardura berezia ere bai”. Egunotako lan guztia atzean geratu da, ordea, gaur gertatu denak gainditu du nekea. “Aurrerantzean ere lan asko izango da, eta zenbat eta esku gehiago errazago egingo dugu. Beraz, abentura honetan parte hartzera dei egiten dizuegu. Merezi du eta”.
Maite, Joselu, Rakel, Andoni, Jone Miren, Ainhoa, Gorka, Txoko, Felix, Berta, Enrique, Garazi eta katea osatu duten katebegi guztientzat izan dira Iruñean eta Durangon azken hitzak. “Eskerrik asko”. Lanerako dei egin diete herritarrei "etorkizuna gure esku" dagoelako.
Katean, berriz, hauek izan dira goizean lehen metroetan.
Durangon
Iñaki Gorritxategi: 83 urte, gerrako umea. JAEDen sortzailea, euskaltzalea; egun ere bertan lan militantea egiten du.
Maribi Estankona: 71 urte, durangarra, Durangoko ikastolaren sortzailea eta ikastolako andereñoa.
Rakel Odiaga: 50 urte, Berbaroko (Durangoko euskara elkartea) langilea eta Durangoko Gure Esku Dago-ko taldeko kidea.
Peru Arrasate: 20 urte, kazetaritza ikaslea.
Xabier Barreña: 14 urte, bertso eskolako kidea.
Izar Zubiaga: 7 urte, ikastolako ikaslea.
IRUÑEA
Amaia Arrieta: iruindarra, 46 urte, hiru seme-alaba. Erdalduna. Langabea.
Marcela Abarzuza: 50 urte inguru, Iruñean liburu denda bat dauka. Euskalduna.
Libe Urroz (71 urte): Caracasen sortutako iruindarra. Aita, Orreagan sortua, Eusko Gudarosteko Irrintzi Batailoiko Gudaria izan zen. Venezuelara exiliatu eta han sortu zen Libe.
Fernando Saralegi, pentsionista.
Fernando Arbeloa (47 urte): Iruindarra. Volkswageneko langilea. Bi seme. Erdalduna.
Nerea Aranguren (45 urte): Iruindarra. Eroskiko langilea. Bi seme.
Eva Molina (38 urte): Kataluniarra sortzez. Iruñean bizi da.
Susana Campaña (35 urte inguru): Mezulari enpresa bateko langilea Iruñean. Granadan sortua. Hamar urte inguru Iruñean. Euskalduntzen.
Yuseef: afrikar jatorriko etorkina. Seme-alabak D eredura. Neska-laguna, bertakoa. Euskara ikasten.
Idoia Viana: ospitaleko sukaldeetako langile ohia.
Xabier Irujo Amezaga: 47 urte, iruindarra, Manuel de Irujoren biloba eta Arantza Amezaga idazlearen semea, 5 semeren aita. Historialaria, Renoko (Nevada) Unibertsitateko Irakasle.
Goizane eta Saigots Luzuriaga haurrak.
Lenin Ruiz: 54 urte, Managuan jaioa, 26 urte Iruñean bizitzen.