EAJko Euzkadi Buru Batzarrak bilera egin du gaur, eta gero, agiri bat irakurri du EBBko presidente Josu Jon Imazek. Agirian esaten denez, "argilunen gainetik, dagokion neurrian baloratzen dugu atzo Batasunak adierazi zuen borondatea, bere ekintza ildo politiko eta demokratikoetatik baino ez duela bideratuko alegia. Bitarteko politiko eta demokratiko hutsez baliatu nahi duen benetako apostuak indarkeriaren erabilpenari uko egitea eskatzen du".
Adierazi dutenez, ez dute baloraziorik egin nahi "azken urteetako nondik norakoaz egin zen gezurrezko balantzeari buruz".
"Euskadin normalkuntza politikoa eta elkarbizitza lortu ahal izateko" euskal "indar politiko guztiekin elkarrizketa politiko aldeanitzean" pate hartzeko jarrera" azaldu dute.
EAJk hiru zutabe jarri ditu "Euskadiko normalkuntza politikoa" lortzeko: "Euskal gizartearen aniztasunari zor zaion begirunea; aldebakartasunik ezaren printzipioa; eta euskal gizartearekiko errespetua".
Euskal Alderdiek egin beharreko elkarrizketa horretan bi gai "gogoa izan beharrekoak" dira, EAJren iritzian: "zein bitarteko jarri beharko diren indarrean euskal gizarteak etorkizuna erabakitzerik izan dezan bere esparru juridiko eta politiko ezberdinetan; eta zeintzu diren hartu beharreko bideak borondate hori errespetatua izan dadin".
Beraien iritzia azaldu ondotik, beste alderdiei eskaera egin dio EAJk, "Bakoitza bere baliabide eta erantzunkizun-ariketaren arabera, Euskadiko normalkuntza politikoa eta elkarbizitza bideratzeko ahalik eta urraspiderik baliagarrienakurratu ditzaten".
Elkarrizketa eleanitza egiteko, ordea, "ETAren indarkeriaren behin betiko ezabaketak baino ez ditu beharrezko baldintzak sortaraziko" EAJren ustez. Horren zain gelditzen direla azpimarratu dute.
Lopez: "Urrats bat da, baina ez da zain geunden urratsa"
PSOE alderdiaren izenean PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek hitzegin du. Batasunak "urrats bat" eman duela esan du Lopezek, baina pauso hori ez dela "denak" zain zeuden pausoa azpimarratu du. Belodromoan egindako proposamena "ez da nahikoa" PSOEren iritzian, izan ere "funtseskoa ez dugu ikusi".
Batasunak atzo erakutsi zuen jarrera orain dela urtebete zuen jarrera baino "hobea" da PSOEren iritzian, baina, hala ere, "exigentzia demokratikoetatik" urrun dago Batasuna, Lopezek azaldu duenez.
"Atzo Batasunaren proposamena ezagutu genuen, ez ETArena. Indarkeria eta eraikuntza nazionala banatzen diren proposamena ikusi genuen. Gainera, orain arte "mugiezinak ziruditen planteamendu batzuk ez dira ageri, lurraldetasuna kasu; aniztasunaz ere mintzatu ziren. Baina ez dakit ez ote zen diskurtso soila", esan du.
"ETArekin eta haren inguruarekin" ez du hitz bakar bat ere izan nahi Espainiako Gobernuak
Juan Fernando Lopez Aguilar Espainiako Gobernuko Justizia ministroak agertu duenez, ez daude "ETArekin eta haren inguruan mugitzen den inorekin" hitz bakar bat izateko prest. Punto Radio irrati katean esan du hori Lopez Aguilarrek, hain justu, Batasunak atzo aurkeztu zuen proposamenari buruz galdetu diotenean. Areago, Euskal Herrian "gatazka armatua" dagoela esatea bera ere "onartezina" iruditzen zaio Espainiako Justizia ministroari. "ETArekin ez dago hitzegiteko ezer", azpimarratu du.
Hain zuzen ere, PSOEk Batasunaren ilegalizazioaren aldeko apostu irmoa egin zuela nabarmendu du Lopez Aguilarrek, eta apostu horri tinko eusten diola. Horregatik, jarrera hori malgutzearen alde joan den astean PSE-EEko kide esanguratsu Denis Itxasok, Odon Elorzak eta Gemma Zabaletakplazaratutako iritzia kritikatu du. Errotik jarrera horren kontra dagoela esan du.
Zenbait alderdiren arabera, proposamen "eskasa"
Atzo, Batasunaren agiriaren edukia zabaldu eta lasterrera eman zuten beren iritzia zenbait alderditako buruzagiek. Oro har, "eskastzat" jo zuten ekarpena, hain zuzen ere, Batasunak ez duelako indarkeria gaitzetsi eta ez diolako ETAri su-eten eskaera zehatzik egin.
Esaterako, PPk, Batasuna "Ibarretxeren Planera" hurbildu dela iritzi dio, eta, gainera, "indarkeria gaitzetsi gabe". IUko koordinatzaile nagusi Gaspar Llamazaresen arabera, proposamena "eskasa" da ez duelako ETAren estrategia armatua gaitzesten, eta "demokraziaren balioekin" engaiatzeko eskatu zion Batasunari elkarrizketa bideak irekitzeko baldintza gisa. Bide bertsutik, EBko buruzagitzako kide Mikel Aranak proposamena "etsigarria" dela esan zuen indarkeriaren gaitzespenik jasotzen ez duelako, eta erantsi zuen proposamenaren sakontasuna benetan zein den jakiteko erakunde armatu horrek zein jarrera hartuko duen jakitea ezinbestekoa dela.
EAko bozeramaile Onintza Lasak ere indarkeriaren gaitzespenik ez egotea deitoratu zuen. "Benetako politika egiteko, benetan irtenbideak proposatzeko, politika eta demokrazia dira bidea eta horretarako ETAren bide militarrak desagertu egin behar du", adierazi zuen.
Gatazkaren konponbiderako faktorea izan daiteke ELAren iritzian
ELA sindikatuaren ustez, bestalde, badirudi, "Batasunak egoera berri batera igaro, egungo blokeoak gainditu eta euskal gatazkani bakerako bide bat urratu nahi duela".
Azpimarratu dutenez, proposamena iritzi horren arabera gauzatzea espero dute, eta horrela, "bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustua (atzerapenik eta baldintzarik ametitzen ez duena) gatazkaren konponbidea bultzatzeko eta soberanismoa gizartean indartzeko faktore izatea".
Atzo Anoetako Belodromoan bildutakoei "elkartasuna" adierazi die ELAk, eta "Batasuna legez kanpo jarri zuten erabakiak bertan behera utztea" eskatu dute.
Nafarroako Gobernua: "Otegik ez du inor engainatzen"
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Francisco Iribarrenek esan duenez, Nafarroako Gobernuak "desengainua" hartu du Batasunaren bake proposamena ezagututa. Iribarrenek esan duenez, proposamen horretan ikusten da "Batasuna ez dela gai ETArekin dituen loturetatik banantzeko".
Batasunako bozeramaile Arnaldo Otegik "ez du inor engainatzen", Iribarrenen ustetan, eta gutxiago "nafarrak". "Berrikuntzak daudela azaldu nahi duten berriketen azpian, Batasunak planteamentu antidemokratikoekin jarraitzen du", esan du.
PP-PSOE itunaren sinatzaileei ere zuzendu zaie Iribarren. "Terrorismoaren kontra tresna eraginkorra dela erakutsi duen tresnarekin tinko" jarraitzeko eskatu die.
"Gizarteak bizkarra eman diola konturatu eta gero, galdutako protagonismoa berreskuratzeko ahalegina" izan zen atzoko ekitaldia, Iribarrenen iritzian.
Aralar poztu egin da Batasuna beraien "planteamentuetara" joan delako
Batasunaren jarrerak aldaketa "sakona" izan duela uste du Aralarrek. Aldaketa horretan, Batasuna Aralarren "planteamentuetara" joan dela iritzi diote, eta "poza" azaltzeaz gain Batasuna zoriondu dute.
Aralarrekoen jakinarazi dutenez, "Batasuna prozesuan izan zen eztabaida ideologiko eta morala irabazi egin dute" beraiek. "Batasunak Anoetan luzatutako proposamenak bere egiten ditu Aralarrek bere sorreratik esaten zituenak". "Norbaitek" autokrtitika egin beharko lukeela gaineratu du Aralarrek.
"Era berean, Batasuna animatu nahi dugu ausardiaz joka dezan eta jarrera aldaketa hori egiazko bilaka dadin eman beharreko urratsak eman ditzan".
Jaurlaritzaren iritzia bihar
Jaurlaritzak, bihar agertuko du ekarpena zer iruditu zaion. Hain justu, asteartetan egiten du Jaurlaritzak gobernu bilera, eta ondoren egingo du balorazioa.
Batasunaren proposamena / Erreakzioak
EAJk Batasunak adierazi zuen borondatea baloratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu