Ezker abertzaleak EAJri kritika egin dio, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren Kontsulta legeari helegitea jarri ondoren hark hartutako jarreragatik. Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari Juan Jose Ibarretxe ere izan dute kritiken jomuga.
Ezker abertzaleko kide eta Hernaniko (Gipuzkoa) alkate Marian Beitialarrangoitiak kritiken gezi zorrotza zuzendu die jeltzaleei: "Madrilen aurrera, ogi papur batzuengatik makurtuta segitzen du EAJk".
Ildo beretik mintzatu da ezker abertzaleak Iruñean duen zinegotzi Marine Pueyo. Eusko Jaurlaritza itxuraz eskandalizatzen dela adierazi du, PSOEk Kontsulta legearen aurka hartutako jarreragatik. "PSOEk egin duen bakarra EAJk sostengatzen duen esparru juridikoaren tresnak erabiltzea izan da". Zehaztu duenez, esparru juridiko hori onartu eta sostengatu egin zuen EAJk 1979an, Espainiako Konstituzioaren menpekoa den Gernikako Estatutua onartzean, "kudeaketaren eta eserlekuen jabe egitearen truke". "Horri ari zaio ordutik men egiten".
Beitialarrangoitiaren iritziz, Ibarretxek "ezin" du esan Madrilek jarritako helegitea eta Kontsultaren legea bertan behera geratu izanak autogobernua bertan behera uztea dakarrela eta EAEko autonomiaren kontrako erasoa direla.
'Gara' egunkariari eginiko ustezko entzuketak
Ezker abertzaleko ordezkariek Gara egunkariari Espainiako Poliziak ustez eginiko entzuketen auzia ere izan dute hizpide. "Salbuespen estatuaren azkenaurreko adibidea dira", salatu dute.
"EAJk Madrilen aurrera makurtzen segitzen du", ezker abertzalearen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu