EAJk zentsura mozioa sartuko du Azpeitian, EA edo Aralarren babesa badu

2008ko abenduaren 4a
18:19
Entzun
Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) presidenteak jakinarazi du, Azpeitiko ezker abertzaleko taldeak Inazio Uriaren hilketa gaitzetsi ez duela-eta, Iñaki Errazkin alkatearen aurkako zentsura mozioa sartuko duela. Pauso hori emateko, ordea, EAren edo/eta Aralarren babesa beharko duela aitortu du Egibarrek.

Izan ere, zentsura mozioak aurrera irteteko gehiengo osoa behar da, eta EAJk ez du halakorik Azpeitiko Udalean. Zortzi zinegotzi ditu eta bederatzi behar dira, hamazazpi zinegotzik osatzen dutelako herriko Udala. EAk bi hautetsi ditu eta Aralarrek bat. Ezker abertzaleko taldeak, sei.

Unai Ziarreta EAko lehendakariak EAJren jokabidea kritikatu du, Inazio Uriaren "gorpua oraindik bero" dagoela jeltzaleek Azpeitiko Udalean boterea lortzeko asmoa dutelako. "Karroñerismo politikoa da hori".

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak EAJri leporatu dio eurekin hitz egin gabe eman duela zentsura mozioa aurkezteko asmoaren albistea. "Ez da hori jokatzeko modua", esan du Zabaletak gaur, Gasteizen. "Gainera, EAJk ez du gehiengo osorik Azpeitiko Udalean". EAJrekin "hitz egiteko prest" azaldu da Aralarreko burua, eta ez du adierazi zer erabaki hartuko luketen.

Aralarrek, dena dela, "ezkertiarra" ez den proposamenik ez duela babestuko jakinarazi du.

Unai Ziarrreta EAko lehendakariak ez du ezer argitu gaur mozio horretaz. Hurrengo pausoak zein diren ikusi beharko dela adierazi du.

Maiatzaren 8ko udalbatzarrean EAJk alkatearen dimisioa eskatu zuen, ETAk Arrasaten Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia hil zuela-eta, baina mozioak ez zuen aurrera irten, EAJ bakarrik geratu zelako. Udal gobernuaren mozioa nagusitu zen.

Iazko ekainetik atzora arte ezker abertzaleko taldea -horko kidea da alkatea-, EA eta Aralar egon dira udal gobernuan. Atzo EAk udal gobernutik irten zuen, Errazkinen taldeak "gaitzespen argirik" ez zuelako agertu.

1977tik iaz arte beti EAJkoa izan zen Azpeitiko alkatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.