"Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarrak gaur goizean Sabin Etxean egindako ezohiko bileran onartutako honako adierazpen politiko hau helarazi nahi die Euskadiko herritarrei, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eta Euskadiko beste ordezkari politiko batzuen aurka bihar hasiko den epaiketaren inguruan:
-Epaiketa ez zatekeen inoiz burutu behar, ezta auzipetuen prozesamendua onartu ere. Justizia erakundeen, eta kritikak jasotzen dituzten beste botere publiko guztien, eskumenak eta prozedurak erabat errespetatzen ditugun arren, zentzugabekeria larria iruditzen zaigu elkarrizketa politikoa erruztatuen aulkitik egitea; horixe baita auzipetu guztiek egin zutena.
-Klase politikoak ez du inolako pribilejiorik izan behar justiziaren aurrean, baina erakundeetako ordezkarien eta ordezkari politikoen lana oztopatzeko korapilo legalak erabiltzea ere ez dago ondo. Izan ere, horrela jokatuta demokraziaren oinarriak galtzen eta nahasten dira; oinarri horien artean, elkarrizketa eta akordioa bilatzea dira nabarmentzekoak, gizarte demokratikoetan gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa.
-Bereziki larria eta esanguratsua da herrialde bateko erakundeetako ordezkari nagusia epaitzea, beste ordezkari batzuekin publikoki biltzeagatik bidezko helburu bat lortzeko. Bi arrazoirengatik da larria. Batetik, hasitako prozesu horrek eskubide eta betebeharrak mugatzea eragin dezakeelako. Bestetik, arrazoi sinbolikoagoa izan arren bestea bezain larria dena, erruztatuen aulkian presidente-Lehendakari demokratiko bat eseraraztean nolabait erakunde-sistema osoa epaitzen delako, eta horrek urduritasuna eta frustrazioa, baita irain sentimenduak ere, sortzen dizkiolako gizartearen zati handi bati.
-Horregatik guztiagatik, biharko bista zuzenduko duen auzitegia baldintzatzeko inolako asmorik gabe, eta demokraziaren arauak eta botereen banaketa erabat onartuta, auzipetu guztien berme prozesalak errespeta daitezela, auzipetuen duintasun instituzionala ere errespeta dezatela eta epaiketa ez dadila galbiderako ikuskizun bilakatu eskatzen dugu; finean, ez dezatela Euskadiko erakundeen aurka eta horien legezko ordezkarien aurka erabili. Hasi behar izan ez bazen ere –berriz esango dugu–, gutxienez, berdintasun eta proportzionaltasun parametroen barruan gauza dadila nahi dugu, baita kaltetuen bizitza politikorako eta ohorerako eta ahalik eta kostu gutxien izan dezala ere.
-Ez dugu zalantzarik, Ibarretxe lehendakariak egin behar zuena egin zuen. Eta egin zuena, legezkoa izateaz gain, lehenik eta behin, betebeharra zen. Herrialde honetako aginte goren gisa duen betebeharra. Elkarrizketa politikoaren bidez bakea eta Euskadirentzako normalizazio politikoa bilatzea erakundeek eta alderdiek Euskadiko herriarekin duten zorra da. Hori dela-eta, lehendakariari gure babes, adore eta laguntza osoa adierazteaz gain, jasota geratzea nahi dugu bihar berarekin batera, pertsona bakar bat bilakatuta, Euzko Alderdi Jeltzalea osatzen dugun guztiok erruztatuen aulkian eseriko garela".
EAJko EBBren agiria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu