Barne sektoreen arteko eztabaiden ondorioz, liskartsuak izan dira EAren azken biltzar nagusiak. Abenduaren 15 eta 16ean egingo dute hurrengoa, VII. Biltzar Nagusia, alderdiaren norabidea zehazteko datozen hiru urteetarako. Oraingoan, batzarra lasai eta baketsuagoa izatea espero da.
Hala esan du behintzat Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko Batzorde Eragileko presidente eta sektore kritikoko buruzagiak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Zuzendaritzak eztabaidarako proposatutako ponentzia politikoarekin gustura daudela iragarri du, eta agiri politiko horretan ados jarriz gero beraz ez dela alderdiko lehendakaritzara aurkeztuko. "Egia esan ez dago nire planetan, nire burua aurkeztea, behintzat lortzen badugu, eta nik uste dut lortuko dugula, estrategia politikoaren inguruko akordio zabal bat", esan du.
Galdosek erantsi du alderdiko presidente pertsona jakin bat edo beste bat izatea ez dela garrantzitsua, baizik eta arestian aipatu bezala, estrategia politikoan bat etortzea. Zuzendaritzak aurkeztutako ponentziarekin adostasun hori bidera daitekeela nabarmendu du: "Gustura guade, neurri handi batean, aurkeztu zaigun ponentziarekin. Uste dut lanerako tresna egokia izango dela, besteak beste, barne kohesia lortzeko".
EAko zuzendaritzak proposatutako ponentziarekin gustura dago Gipuzkoako sektore kritikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu