EAren arabera, "emaitza onak" lortu ditu EH Bilduk, baina "hiriguneetako arazoa" dauka

2016ko urriaren 5a
11:59
Entzun

EAren ustez, EH Bilduk "itxurazko emaitzak, onak" lortu ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, baina iritzi dio "gainditu beharreko" arloak badituela koalizioak. "Lehengoa, dudarik gabe, Bizkaiko kasua da, eta, horrekin zuzenki lotuta, EH Bilduk bere mezua EAEko hiriguneetan hedatzeko eta egonkortzeko duen arazoa dago. Ez da Bilboaldea bakarrik; Donostian eta Gasteizen ere emaitzak ez dira onak izan, eta, herri garrantzitsuenetan berriro irabaztea lortu badugu ere –Errenterian edo Bergaran, kasurako–, hiriguneetan ditugun emaitzak hobetzea derrigorrezkoa da koalizioarentzat. Ditugun emaitzek arrazoi bat baino gehiago dute, eta kanpaina, hautagaiak edota programatik haratago doaz. Kezka hori EH Bilduren batzar eta mahaietan lehentasunezkoa izan behar da".

EAEko bozetan erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek gehiengo osoa lortu izana "berri ona" da, EAren arabera. 75 legebiltzarkideetatik 57 erdietsi dituzte EAJk (28), EH Bilduk (18) eta Elkarrekin Podemosek (11). Hala ere, EA ez da fio EAJk egin dezakeenaz. "Ziur gaude EAJ PPk eskainiko dizkion botoak baliatuko dituela gai sozioekonomiko zehatzak aurrera ateratzeko, eta PSOEren barne egoerak errazago egingo du hori. Sarriago ikusiko dugu hori, EAJk EH Bildurekin eta Podemosekin batera osatzen duen erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa erabiltzen baino. Aurretik ere erabili ditu EAJk PPren botoak garrantzi handiko gaiak ateratzeko; Kutxabanken egitura ezarri zuen Kutxen Legea, adibidez".

EAk dio EAJk PSE-EEren aldeko hautua ere egin dezakeela. "Putzu beltzean dagoen eta norabiderik ez duen PSE zatitua hautatu du EAJk gobernabilitatea ziurtatzeko? Horrela eginez gero, EAJk eskura duen gehiengo politiko eta sozialari uko egingo dio. Jeltzaleen esku dago datozen lau urteetan autogobernu, gizarte justizia, bakea eta elkarbizitzari buruzko akordioak lortzea. Horixe da EH Bilduk EAJri egindako eskaintza".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.