Zabalik dago elkarlanerako atea. Pello Urizarren aburuz, «aro berri» batean sartu da euskal politikagintza, eta «aukera» hori ezin da «alferrik galdu». Ezker abertzalearen ebazpenaren inguruko balorazioa egiteko orduan, eztabaida prozesuan agertutako baikortasunari eutsi dio EAko idazkari nagusiak. Donostian eginiko prentsaurreko batean nabarmendu duenez, asteartean plazaratutako testuak indar subiranistak batzeko «bidea erraztu» du. «Soilik bide zibil eta demokratikoak jarraituz etorriko dira autodeterminazio eskubidearen aldeko aurrerapausoak. Subiranisten arteko adostasuna erabatekoa da puntu horretan».
Zutik Euskal Herria dokumentua ekarpen «berria eta ausarta» dela adierazi du Urizarrek. Sinetsita dago, gainera, ezker abertzaleak indarkeriari buruzko jarrera argitu duela. «Urteak daramatzagu esaten eta entzuten gai horretan behin betiko aurrerapausoa indarkeriaren deslegitimazioaren bidez emango genuela. Uste dut deslegitimazio modurik eraginkorrena dela indar politiko guztiek bide demokratikoen eta baketsuen aldeko apustua egitea». Horren harira, EAko buruzagiak txalotu egin du Mitchell Printzipioekin bat egin izana ezker abertzaleak. Eta esan du printzipio horien aldeko «konpromisoak exijituko» dituela EAk, bai ETAren ekintzarik izaten bada, eta bai «Euskal Herrian egiten den ekintza politiko orotan» ere.
Indarkeriaren «deslegitimazioarekin» batera, Urizarrek nabarmendu du desagertu dela mugimendu subiranista baketsu bat martxan jartzeko «oztopo nagusia». Dioenez, indar metaketak ekarriko du «herri honen gehiengo sozialaren ideologia errespetatua izatea eta proiektu guztiak -herritarren babesa baldin badute- egingarriak izatea». «Luzera begirako» proiektua da, beraz. Halaber, prozesuak atzera bueltarik ez duela nabarmendu du, «ordezkari politikoak kartzelan eta instituzioetatik kanpo egonda ere, apustuari eutsi baitzaio».
Indar metaketaren osaerari dagokionez, «jarrerak eta jokaerak» argitzeko eskatu die Urizarrek gainontzeko alderdi eta eragileei. EArentzat, baina, inor ez da ezinbestekoa. Hala, ohartarazi du ez duela onartuko «ez betorik ez baldintzarik». «Hau ez da gehiengo osoak bilatzeko garaia, beste porrot batzuk konpentsatu nahian, ezta erregionalismoen aldeko apustuetarako garaia ere».
Mesfidantzak eta estrategiak
Urizarren ustez, alderdi guztiak ohartu dira ezker abertzalearen mugimenduaren garrantziaz. Ezker abertzalearen ebazpenarekin «mesfidati» agertu direnen artean Iñigo Urkullu dago, EAJko EBBko presidentea. Ebazpenaren ondotik ezer ez dela berdin izango adierazi zuen Joseba Egibar Gipuzkoako jeltzaleen buruak. Urkullu, baina, ez da horren ziur. Haren blogean azaldu duenez, «momentuz, erabateko indefinizioan gaude. Lehenago ere horrelako egoerak izan ditugu». Urkulluren arabera, «estrategiaren eta taktikaren artean mugitzen dira batzuk ezker abertzalean. Estrategia da eurek borroka armatua deitzen dutena, eta taktika bake prozesua».
Oso bestelako iritzia dauka Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Haren ustez, beste batzuek diote beldur gatazka armaturik gabeko etorkizunari. «PSE eta PP izan dira bereziki ezker abertzalearen ebazpena hutsaltzat jo dutenak». Gogorarazi du, halaber, eztabaida prozesua abiatzear zela espetxeratu zituztela Rafa Diez, Arnaldo Otegi eta beste hiru lagun.
EAren iritziz, jadanik ez dago oztoporik subiranisten arteko elkarlanerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu