Ebazpenaren gakoak

2010eko otsailaren 16a
09:50
Entzun
AUKERA

Masa kritikoa. «Azken boladako herri mobilizazioek garbi erakutsi dute prozesu demokratikoa bitarteko politikoen bidez modu egokian bideratzeko masa kritikoa izan badela».

Ibilbidea. «Orain dela 50 urte Euskal Herria hilzorian zegoen eta denbora tarte honetan, borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu».

Gakoa. «Hamarkadotako lana, esfortzua eta borrokaren bidez zabaldutako ate hori zeharkatu eta aldaketa politikoa gauzatzea da orain erronka. Badago horretarako nahikoa baldintza. Baldintza horiek probestuz aldaketa gauzatuko duen estrategia eraginkorra zehaztean datza gakoa».

FASE BERRIA

Helburua. «Fase politiko honen helburua Euskal Estatuaren sorrerako bidea egiteko oinarri nahikorik eskainiko duen eremu demokratikoa erdiestea da».

Protagonista nagusiak. «Protagonista nagusiak, euskal herritarrak eta Euskal Herria dira, prozesua abiarazteko, hari bultzada emateko, konponbide akordioak berresteko eta barne antolakuntzari zein kanpo harremanei buruzko azken erabakiak hartzeko».

Alde bakarreko erabakia. «Prozesu demokratikoa abiaraztea Ezker Abertzalearen alde bakarreko erabakia da. Arazoak gorabehera, prozesu demokratikoa denboran eutsi beharko diogun erronka izango da, sartu-irteerarik gabekoa».

HIRU GELTOKI

Ezker Abertzaleak hiru geltoki aurreikus litzake jada abiarazten ari den prozesu demokratikoan:

Gutxieneko oinarri demokratikoak. «Prozesu demokratikoa garatu ahal izatea ahalbidetuko duten ezinbesteko oinarriak lirateke. Indar politiko guztien aukera berdintasuna eta salbuespen neurriak gainditzeari buruzko akordioak edota erabakiak gauzatu beharko lirateke».

Akordio demokratikoa. «Azken negoziazio prozesuan landutako eduki politikoen baitako akordio garatua litzateke. Hau da: Euskal Herriaren nazio izaera aitortuz, proiektu politiko guztiak gauzagarri bilakatzea bermatuz eta euskal lurraldeek -euren artean eta Estatuarekin- harremanak finkatzeko bide juridiko-politikoak egituratuz».

Marko demokratikoa. «Akordio demokratikoaren gauzapen juridiko-politikoa litzateke. Herri borondateari esker osatuko litzateke eta Euskal Herriak pairatzen dituen egiturazko ukapenak gainditzea bermatuko luke».

ESTRATEGIA ETA LANABES BERRIAK

Molde guztiak indar metaketaren mesedetan. «Eztabaidaren ondorioa da eragiteko molde guztiak fase politiko berriak eskatzen duen apustuaren zerbitzura kokatzea, ziklo berriak eskatzen duen indar metaketaren mesedetan alegia. Beraz, indar metaketaren norabidean masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa, indar harremanen aldaketa eta nazioarteko babesa bilatzea izango dira prozesu demokratikoaren tresna bakarrak. Herri babesa izango da berme bakarra, eta herri mugimendua akuilurik eraginkorrena».

Mitchell printzipioak. «Prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik eta esku sartzerik gabe garatu behar da, alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazioa Mitchell senatariaren printzipioen baitan arautuz. Inork ezingo du indarkeria edo mehatxua erabili alde anitzeko negoziazioaren garapena edo emaitza baldintzatzeko, ezta prozesu horretan erdietsitako akordioa aldatzeko ere».

LAN EREMUAK

Lan ildo nagusiak. «Independentziaren eta burujabetzaren aldeko indarrak biltzea, askatasun demokratikoen eta presoen aldeko dinamikak azkartzea, prozesu demokratikoaren garapenerako -eta, zehatzago, negoziazio eremua bizkortzeko- lanabesak eta ekimenak bideratzea, eta Ezker Abertzalea bera indarberritzeko bidea marraztea ditugu lan ildo nagusiak».

Nazio eraikuntza. «Ziklo aldaketak nazio eraikuntza modu eraginkorragoz aitzinatzeko aukera eskaini behar du, herri mugimenduko eta erakundeetako lana uztartuta».

Aldaketa soziala. «Aldaketa politikoari Ezker Abertzaleak aldaketa soziala gehitu nahi dio, elkarlotzea bien berme dela uste baitu. Aldaketa sozialik gabeko aldaketa politikoa hanka-motz geratuko litzateke, eta aldaketa politikorik gabeko aldaketa soziala ezinezkoa da».

Egitura legala. «Apustu politiko honetan aurrera egiteko, etorkizunean Ezker Abertzaleak eremu politiko eta instituzionalean eta, jakina, gatazkaren konponbiderako akordio politiko erabakigarria lortzeko alderdien mahaian ordezkaturik izateko, eragile politiko legal baten beharra izango du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.