Kosovorako bere misio zibila martxan jarri du Europako Batasunak (EB), herrialdeak independentzia lortu ondorenerako egonkortasunari laguntzeko asmoz. EBko 27 estatuek ontzat jo dute misioa, eta ekaina bitartean 1.900 epaile, fiskal, polizia, mugazain eta bestelako funtzionarioak bidaliko dituzte Kosovora. Lehenik, 120 egunez, trantsizio lanetan ariko dira orain arte NBEk izan duen misioko langileak.
EBren Segurtasun eta Defentsa Politikak orain arte abian jarri duen misio zibilik garrantzitsuena izango da Kosovorakoa. Maltak izan ezik, EBko gainerako estatu guztiek funtzionarioak eskaini dituzte misiorako. Kosovoarrek ere misioan parte hartuko dute, 1.100 lagun ingururekin. "Kosovo demokratiko, egonkor eta multietnikoaren eraikuntzan agintariei aholkularitza eskaintzea" dauka helburutzat.
Serbiak, ordea, "lotsagarri" iritzi dio EBk misioa abiatzeari, eta era horretan Kosovok bere kabuz aldarrikatuko duen independentzia onartzen duela salatu du. Errusiak "legez kanpokotzat" jo du misioa, eta nazioarteko harremanetan krisi larria eragingo duela ohartarazi du.
EBk 1.900 epaile, fiskal, polizia eta mugazain igorriko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu