EB Europar Batasuneko langabezia tasak goranzko joerarekin segitu du aurtengo martxoko datuen arabera, Eurostat EBko estatistika bulegoak jakinarazi duenez. Batasuna osatzen duten 27 herrialdeetan %9,6ra igo da, eta euroa duten hamasei herrialdeen artean, berriz, %10era. Guztira, martxoan 23,13 milioi lagun zeuden lanik gabe EBn, otsailean baino 123.000 gehiago. Euroaren gunean, berriz, martxoan 15,8 milioi lagun zeuden langabezian, eta iazkoarekin alderatuta %1,38 egin du gora.
Alemania da EBko herrialde bakarra iazko martxotik honat langabezia tasaren jaitsiera izan duena: %7,4tik %7,3ra. Alemaniako agintariek joan den ortzegunean emandako datuak berresten ditu EBk. Datu horien arabera, 2009ko apiriletik aurtengora 178.000 langabe gutxiago ditu herrialdeak.
Langabezia tasarik handiena, berriz, Letonian eta Espainian dago. Baltikoko herrialdean %22,3koa zen martxoan, eta Espainian %19,1ekoa. Azken urtean %1,7 hazi da langabeen kopurua Espainian.
EBko langabezia tasak goranzko joerarekin jarraitu du martxoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu