EBZk ez ditu Greziako bankuak gehiago ito

2015eko uztailaren 1a
21:11
Entzun

Igandeko erreferendumaren emaitzaren zain egotea erabaki du Europako Banku Zentralak ere. Greziako bankuak bizirik mantentzen dituen haria mozteko edo txikitzeko aukera zuen, baina gauzak bere horretan uztea erabaki du. Hortaz, 89.000 milioi eurotan utzi du banku horiek Greziako Bankuaren bidez eskuratu dezaketen likidezia, ELA programa. 

Mailegu horiek gabe honez gero porrot eginda egongo ziren Greziako bankuak, azken hilabeteotan gordailu ihes handia jasan dutelako eta ez dutelako nahiko dirurik beren kutxetan bezeroen eskakizunei erantzuteko. Kapital kontrolak ezarrita ere —egunero gehienez 60 euro atera ditzakete greziarrek beren kontuetatik—, banku batzuk egun gutxi barru dirurik gabe geratuko direla uste dute adituek.

EBZk bazuen bankuen egoera arintzeko aukera —ELA handituta—, baina ez egitea erabaki du. Kopurua izoztuta dago joan den asteburuan Alexis Tsiprasen gobernuak troikaren azken proposamenari ezezkoa eman zionetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.