Egibarrek Batasunari gertaerak kalifikatzeko exijitu dio

2007ko urtarrilaren 4a
14:31
Entzun
Joseba Egibar EAJko GBBren lehendakariak Batasunari mezu bat bidali dio: "Gertaerak kalifikatu egin behar digu, hau ez baita eguraldia, ez da egun bat lainotuta atera dela, baizik eta atentatu bat da, ondorio batzuekin". Egibarrek ustez, ETAk "balizko prozesua oso modu bortitzean eten du eta ezker abertzalea amildegiaren ertzean dauka". Egibarrek dio "oso konplikatua" izango dela Batasuna hurrengo hauteskundeetan izatea.

Aralar: "Geratzen den bide bakarra indarkeria uztea da, behin betiko eta alde bakarrez"

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak uste du "ETAk su-etena zapuztu duela, ez su-eten bat" abenduaren 30ean ustez ETAk berak egindako atentatuarekin. Erakundeak "sinesgarritasun oro" galdu du. "Geratzen den bide bakarra indarkeria uztea da, behin betiko eta alde bakarrez", esan du Zabaletak.

Atentatutik egun batzuk pasatu dira eta "ETAk oraindik ez du inolako azalpenik eman, baina aterako duen komunikatua dena delakoa izanda ere, berandu etorriko da". Haren ustez, "dagoeneko ez dago su-etenik, ezta prozesurik ere".

PP eta hedabide batzuk ere kritikatu ditu Aralarreko agintariak, "proposamen erreakzionarioak egiten ari direlako".

Erkoreka: "Atentatua kolpe handia izan da Zapaterorentzat"

EAJren Madrilgo Kongresuko bozeramaile Josu Erkorekaren iritzian atentatua "kolpe handia" izan da Espainiako Gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterorentzat, eta etorkizun politikoan "eragina" izango duela uste du.

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan du, kontutan hartu behar dela atentatuaren bezperan "ikaragarri hitz baikorrak" esan zituela Zapaterok.

Su-etena apurtzearen arduraduna ETA dela azpimarratu ostean, Espainiako Gobernuak ere ez dituela gauzak ondo egin onartu du. "Guk esaten genion pausoak eta keinuek egin behar zituela. Baina ez du egin".

Llamazaresek dio "autokritika" egin behar duela Zapaterok, "akatsak" egon direlako

IUko Koordinatzaile Nagusi Gaspar Llamazaresek esan du, ezinbestekoa dela Zapaterok Espainiako Kongresuan azalpenak ematea. Izan ere, Espainiako gobernuburuak "autokritika" egin behar duela iritzi dio, "akatsak" egon direlako. Agerpen horren aurretik, ordea, lana egin behar dela azaldu du, alderdiak ados dauden egoeran egin behar baita, bere iritzian.

Espainiako Gobernuak "akatsak" egin dituela aitortu behar du bere iritzian. Hala ere, arduradun "bakarra" ETA dela azpimarratu du.

Jauregik ez du uste ETA 2000ko "erasoaldiarekin" hasiko denik

Ramon Jauregi PSOEko Madrilgo diputatuak ez du uste ETA 2000ko "erasoaldiarekin" hasiko denik. "Pentsatu nahi dut oraindik ere badagoela itxaropena 2000ko erasoaldi terrorista ez errepikatzeko". Izan ere, haren ustez, "beste fase, beste une batean" gaude, "eta adi egon beharko dugu noiz eta nola iritsiko den hau bukatzeko aukera berria". Zuzenbide Estatuak "judizialki" erantzungo duela esan du Jauregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.