'Egunkaria'-ko beste hiru langile ohik inputatu gisa deklaratuko dute bihar Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aurrean, Egunkaria-ren itxieraren auzian. Agus Barandiaranek, Txumai Iturriak eta Alberto Ortigosak bihar, hilak 25, goizeko 10:30ean deklaratu beharko dute Auzitegi Nazionalean, konfiantzako abokatuaren laguntzarekin. Ez dute, beraz, inkomunikatuta deklaratuko.
Agus Barandiaran eta Txumai Iturria Egunkaria SAren banaketa sailean aritu ziren langile, 1990ean Egunkaria sortu zenetik 2003an itxi zuten arte. Alberto Ortigosa, berriz, banaketa saileko laguntzaile izan zen Nafarroan 1990eko hamarkadako urte batzuetan. Juan del Olmo epaileak "erakunde terroristako kide edo laguntzaile izatea" leporatzen die, 2004 otsailaren 20an plazaratutako probidentzian dioenez. Gainera, "kapital zuritzea", "Ogasun Publikoaren aurkako delitua" eta "diru laguntzetan iruzurra" ere egotzi die. 216/01 eginbideen barruan inputatu ditu; Egunkaria-ren itxierari buruzko jatorrizko atalean, alegia.
22 inputatu izan daitezke
Hiru horiek inputatuko balitu, jada 22 lagun egongo lirateke Egunkaria-ren auzian inputatuta: otsailean atxilotutako hamarrak –Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Luis Goia, Inma Gomila, Fermin Lazkano, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria–, urrian atxilotutako bederatziak –Mikel Arrizabalaga, Mikel Azkune, Angel Diez, Enekoitz Etxeberria, Amando Hernandez, Joan Mari Larrarte, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal eta Jose Mari Sors–.
Del Olmo epaileak joan den urriaren bukaeran eginbide guztiak sekretupetik atera bazituen ere, azaroaren 24ko autoan lau orrialde sekretuan ezarri zituen berriro, "oraingoz inputatuta ez dauden pertsonekin" zerikusia zeukaten gertaerak ikertzeko. Guardia Zibileko Informazio Zerbitzuei txostena eskatu zien eta, txostena jaso duenean, sekretua berriro altxatu eta 'Egunkaria'-ko hiru langile ohiak deklaratzera deitu zituen 2004 otsailaren 20an.
Iñaki Uria da 'Egunkaria' kasuagatik kartzelan dagoen bakarra. Xabier Alegriak ere preso jarraitzen du, baina Udalbiltzaren kontrako auzibidearekin lotuta.
'Egunkaria'-ko langile ohien ordezkaritza bat, Martxelo Otamendi zuzendaria tartean, Madrilen egongo da bihar inputatuei babesa adierazteko.
'Egunkaria' auzia
'Egunkaria'-ko hiru langile ohik inputatu gisa deklaratuko dute bihar Espainiako Auzitegi Nazionalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu