EHEren adierazpena

2010eko apirilaren 10a
15:51
Entzun
Euskal Herrian Euskaraz bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki!



Ikasturte honetan zehar hamaika aldiz errepikatu dugu EHEren 30. urteurrena izaki, urte garrantzitsua dela aurtengoa eragile euskaltzalea osatzen dugunontzat. Aurrekourteetan bezala, aurten ere, euskaldunon hizkuntza eskubideen zapalkuntzari aurre egiteko eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko hainbat dinamika jarri ditugu abian. Halaz ere, 30 urte luzeko borroka euskaltzalea sorbaldan daramagula kontutan hartuta, arnasberriturik berrekin nahi diogu euskaraz biziko den herriaren bideari, arestian aipatu dinamikei hauspo eta bultzada berri bat emateko asmo biziarekin. Hiru hamarkada hauetan egindako bidea luzea bezain gogorra izan da, beren une latz, eder eta gogoangarriekin, baina gaurkoan, aurrerantz begiratzeko bildu gara atzoko, gaurko eta biharko EHEko 11 kide, herria berreuskalduntzeko bidean planteatzen ditugun urratsak jendarteratzeko borondate zintzoarekin.



Hala, albiste txar bat eman ostean, albiste on bat ematera gatoz. 2004az geroztik EHEk antolatu Hizkuntza Eskubideen Egunak bere ibilbidea bukatu duela esan beharra dugu, halaxe baita. 2004an ospatu genuen lehen aldiz Lesakan, Hizkuntza Eskubideen lehen Eguna. Haren atzetik etorri ziren Oiartzun, Santurtzi, Azpeitia, Atarrabia eta Ondarroakoak. Jaia eta borroka uztartzen zituzten egun horien bidez, euskaraz bizi den herria irudikatu eta herri euskaldunaren aurkako jazarpenari aurre egin nahi izan genion han eta hemen. Hainbat eta hainbat izan dira milaka euskaltzale batu dituzten ekimen horien joanean jasotako ikasgai eta bizitako esperientziak, eta golkoan gordeko ditugu, EHEren ibilbide oparoan mugarri ezberdin gisa kokatuz. Hizkuntza Eskubideen Eguna joan zaigu, bada.



Joan egin zaigula diogu, baina ez da alferrik izan; izan ere, eta agerraldi honen bidez, lehenengo Euskaraz Bizi Eguna delakoari ongi etorria eman eta Euskal Herriko euskaltzaleen aurrean aurkeztu nahi baitugu jaia eta borroka uztartzen zituen egunari segida emango dion egitasmo sortu berria.



Hala, heldu den maiatzaren 2an lehen Euskaraz Bizi Eguna ospatuko dugu Etxarri-Aranatzen. Urrats berria egin du EHEk planteamentu honekin, baina zergatik biziko dugu aurrerantzean Euskaraz Bizi Eguna? Bada, Herri Euskalduna delako berreraiki nahi dugun herria, eta zentzu horretan ezinbestekoa delako eta izango delako euskal hiztunoi, norbanako zein kolektibitate, dagozkigun eskubideak aldarrikatzetik harago euskaraz bizitzearen aldeko hautu indartsua egin eta euskaraz biziz Euskal Herri euskaldunerako bidea egiten joatea.



Badakigu bide hori ez dela erraza izango, eta urratsez urrats joan beharko dugula helmugara heltzeko beharrezkoak diren erroko aldaketak behartzen. Jendartea euskaraz bizi dadin nahitaezkoa izango da norbanakoengandik hasita euskarari esparru eta maila sozial, juridiko eta administratibo guztietan lehentasuna ematea. Gutariko bakoitzak zein euskal komunitateak euskarari lehentasuna emanez, euskaraz biziz, herri euskalduna indartzeko urratsak emateaz gain aldaketak bultzatuko ditu, eta maiatzaren 2ko Euskaraz Bizi Egunak hautu horretara hurbildu nahi ditu euskaltzale guztiak.



EHEtik planteatzen dugun egitasmo berri hau ez da mugatuko egun bakarreko dinamikara, eta Euskaraz Bizi Egunarekin batera, hainbat eta hainbat izango dira Euskal Herriko luze eta zabalean emango diren bestelako ekimenak. Hainbat herri eta auzotan Euskaraz Bizi Egun herrikoiak antolatuko ditugu; horrekin batera, zonalde jakinetako euskalgintzarekin hamarnaka bilkura bultzatuko ditugu tokiko errealitateari erreparatu eta euskaraz bizitzearen aldeko dinamikarako atxikimendua bilatzeaz gain problematika propioei elkarlanaren bidez erantzun amankomunak bilatzeko xedearekin; hainbat aurkezpen, deialdi eta mobilizazioren bidez herri euskaldunaren aldekoak aktibatzeko dinamikak sustatuko ditugu. Horiek, gaurdaino EHEk eraman duen borrokaren baitan ohikoak eta iraunkorrak diren beste ekimen guztiekin uztartuko ditugu, euskaraz bizi ahal izateko Euskal Herri osorako ofizialtasuna galdeginez, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabeak sortu eta garatzeko eskubidea aldarrikatuz, hizkuntza eskubideen bermea exijitu eta horien urraketak salatuz eta herri euskaldunaren aurkako eraso oro arbuiatuz, datorren lekutik datorrela.



Euskal Herrian Euskaraz bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki!

2010eko apirilaren 10ean, EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.