"Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik gure eskerrik zintzo eta beroenak helarazi nahi dizkizuegu Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe! lelopean abiatu dugun mobilizazio honi babesa emateagatik. Eskerrik asko beraz, Euskal Herri euskalduna erdiesteko bidean kalera atera eta euskaldunon hitzari oihartzun sendoa eman diozuen euskaltzale guztiei.
Ongi-etorriak zuek, euskaraz bizitzeko hautua egin eta herri euskaldunaren alde mobilizatzeko konpromiso sendoa erakusteagatik. Zuetariko bakoitzak, norbanako eta eragile, euskaraz bizi den herri bat badela eta Euskal Herria berreuskalduntzeko nahia eta grina badirela erakusten du; sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe izateko determinazioa erraietaraino sartuta dugun euskaldun andana bildu gara hemen, eta gure helburuen alde lan eskerga egiteko prest dagoen masa kritikoa bizirik dagoelafrogatu dugu, euskara galzorian mantentzea bilatzen dutenen kalterako. Entzun gaitzatela beraz!
- A) Euskaraz bizi nahi dugu; baina horretarako ez da aski lelo hau mingainean dantzari erabiltzea. Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera jo behar dugu, ezinbestez. Adore handiarekin, konpromiso sendoarekin, euskaraz bizitzeko hautuari hauspoa eman eta dinamika eraikitzaileak sortu behar ditugu nonahi.
Horregatik abiatu genuen ekimen hau; eta bistan da herritarron aldetik babes zabala jaso duela.
- B) Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe. Ideia horrek bildu gaitu gaur eta hemen. Baina zergatik diogu euskaldun eta burujabe izan behar garela? Zergatik diogu sasi artetik ateratzeko beharra daukagula euskaldunok? Erantzuna latza bezain sinplea da.
Euskaldunok mendez mende pairatu behar izan ditugu, egun oraindik indarrean dauden eta herri hau irenstea helburu duten asimilazio estrategiak. Estrategia horien muinean hizkuntza-ordezkapena bera dago.Gaztelera eta frantsesa dira hizkuntza nagusi Euskal Herrian, euskara eta euskaldunok menpeko izatera behartuz. Euskaldunok ezin dugu euskaraz bizi gure herrian.
Iritsi da herri euskaldunaren afera agenda politikoaren erdigunean kokatzeko garaia. Euskal Herriak bizi duen gatazkaren muinean dugu hizkuntza gatazka. Euskaraz bizi nahi eta ezin dugunean, gatazka bera bizi dugu. Badakigu edozein hizkuntza komunitatek nagusi izango den lurraldea behar duela bizirik mantendu ahal izateko, eta horregatik duela berebiziko garrantzia lurraldea askatzeak. Baina euskaraz bizi nahi badugu, lurraldea askatzea herri euskalduna askatzeko tresna moduan ulertu behar dugu. Herritarrak gara norbanako zein herri gisa askatu beharrekoak.
Baina nola egin bide hori?
Batetik, lurraldea askatzeko zain egoteke, asimilazio prozesuak gugan izan duen eragina onartzea dagokigu; kontzienteki edo inkontzienteki euskaldunon eguneroko hizkuntza-praktika sumisoa bilakatu da. Hau gainditzeko zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun ekuazioarekin amaitu behar dugu praktika burujabearen aldeko hautua indartuz. Jokabide aldaketa hau bultzatzeko, euskaraz bizitzeko hautua egiteko, norbanakoaren determinazioa ezinbestekoa izango bada ere, erabakia kolektiboa da, herriak berak egin behar du euskaldun eta burujabe bizitzearen alde.Eta euskaldun izatearen harrotasuna egunerokoaren erdigunean kokatuz, euskaraz bizi den herria nabarmendu behar dugu.
Bestetik, legeekin zein prestigioarekin eraiki beharreko lehentasunezko estatusa behar du euskarak bere lurralde osoan. Hizkuntza-politikaren bitartez euskara nagusi izateko neurriak hartu behar dira, ezagutu beharrekoa zein funtzio guztietarako hizkuntza izendatuz. Baina aldaketa hauek ez daude gure esku, frantziar eta espainiar konstituzioek ez digute horretarako aukerarik ematen. Horregatik, herriak menpeko izateari laga, eta erabakiak bertatik bertara erabakitzeko eskubidea behar du, burujabetza behar du Euskal Herriak horretarako.
Guri dagokigu euskaldun eta burujabe izateko bidea egitea eta eragitea, biak direlako aldaketaren oinarri. Eta aldaketak eragiteko, herritarrak eragile aktibo bihurtu eta protagonista papera jokatu behar dugu.
Horra askatu beharreko korapiloak; horra, gainditu beharreko sasiak".
EHEren hitzaldiko testua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu