Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak "bihozmina" adierazi du Angel Aldanaren heriotzaren aurrean, eta haren familiari zein lagunartekoei EIPK-ko kideen "agurrik beroena" helarazi die: "Larriki gaixo zegoen Angel Aldanak azken hatsa bere herrian, Euskal Herrian, eman zezan lortu ez izana, EIPK-k barne-barnean eramango duen arantza da".
Aldanaren heriotzaz gain, Nekane Txapartegiren atxiloketa ere ahotan izan du kolektiboak, uste baitu "hausnarketa kolektiboa" eskatzen duten gertakariak direla: "EIPK gatazka armatuaren ondorioen konponbidean positiboki eragin nahi duten eragile, instituzio eta nazioarteko eragile ezberdinekin hartu emanetan izan ohi da. Azken epealdian EIPK-k 2013ko udan Miarritzen aurkeztu zuen bide orriaren mamia lantzea izan da bere zeregin nagusia. Hartu-eman horietan, Angel Aldana baldintza oso larrietan dauden iheslarien zerrendan zegoela jakinarazi zitzaien, bere egoerak urgentziazko konpromisoak eskatzen zituela azalduz".
Kolektiboak salatu du "arrazoi politikoengatik eta torturaren beldurrez ihes egin behar izan duten euskal herritarrak segurtasun osoz etxeratzeko beharrezko konpromiso eta babes soziala egituratu ez izanagatik" hil dela Aldana erbestean, eta salatu du harekin gertatutakoa "euskal jendartearen porrot kolektiboa" dela.
Gatazka armatuaren ondorioen konponbideak "erabatekoa" behar du izan, EIPK-k azpimarratu duenez: "Ondorioen konponbideak hamarkadetan pairatu dugun biolentziaren eta salbuespeneko logikan oinarritzen den egitura politiko eta legegilearen osagai ezberdinetan eragin behar du. Ibilbide horretarako ugariak izan dira urte hauetan bestelako esperientzietatik ikasitakoak eta aditu andanak mahaigaineratutako proposamenak".
2013an etxeratzeko konpromisoa hartu zutenetik, ehun iheslari inguru beren sorterrira itzuli dira. "Alta, egun, munduan zehar sakabanatuta gauden hamarnaka gainontzeko iheslari politikook etxeratzeko eta, gutariko askok pairatzen dugun babesgabetasuna behingoz konpontzeko, iheslarion aldetik agertu den borondateaz gain, bestelako urrats eta konpromisoak beharko dira", azaldu du iheslarien kolektiboak: "EIPK-k Miarritzen azaldutako bide orria sakondu eta konponbidearen alde lan egin nahi duten eragile ororekin aritzeko prestasuna berretsi nahi du bertan adierazi bezala ¨konponbidea egituratzeko eta iheslariok etxeratzeko garaia heldu delako".
Bukatzeko, apirilaren 17rako, preso eta iheslari ohiek, Amnistia norabidean preso eta iheslariak etxera lelopean deituriko manifestaziora joateko deia egin du: "Urrun egonda ere bertan izango gaituzue, zuekin bat, denok batera".