Lau egun Frantziako Poliziaren eskuetan inkomunikatuta egon ostean, Ekaitz Sirvent ustezko etakidea gaur eramango dute Parisko epaileen aurrera. "Terrorismoaren" kontrako epaileak atxilotua auzipetu edo ez erabakiko du eta, horren arabera, Sirvent aske utzi edo espetxera bidali erabakiko du askatasun epaileak.
Ostiralean atxilotu zuen Jendarmeriak, Parisen. Montparnasseko tren geltokian atzeman zuten, Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak azaldu zuenez, 16:10ean Bordeletik iritsi zen tren batetik jaitsi zenean.
Berri agentziek polizia iturriak aipatuz zabaldu zutenez, dokumentu faltsuak egiteko taldeko burua zen Sirvent, eta aurretik talde politikoko kidea izan zen. Haren kontra kale borrokarekin lotutako auziak ere badaudela zabaldu dute iturri horiek. Sirventi atzemandako dokumentazioari garrantzi handia ematen dio Poliziak, berri agentzien arabera. Haiek aztertu ostean ETAren barneko informazioa lortzea espero baitute.
Sirvent zarauztarra (Gipuzkoa) da, eta herri hartan manifestazioa egin zuten atzo, atxilotua aske uzteko eskatzeko, baina Ertzaintzak protesta amaitzea eragotzi zuen. Aurreko egunetan ere hainbat mobilizazio egin dituzte Zarautzen, atxiloketa salatu eta hura aske uzteko eskatzeko.
Ekaitz Sirvent gaur eramango dute Parisko epaileen aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu