Gaurko egunez desfile militar handia egiten da urtero Madrilen, Espainiaren egun nazionala ospatzeko.
Hutsik egin gabe, gaur eguerdiz bete dute urteroko ohitura, baina aurtengo desfileak eztabaida eta kritika handiak piztu ditu. Batetik, AEBetako Armadako ordezkaritzarik ez delako izan aurtengo ekitaldian Espainiako Gobernuak hala erabakita. Aldiz, Frantziako eta Italiako armadek parte hartu dute. PPk kritikatu du Gobernu sozialistaren erabaki hori.
Bestetik, Leclerc Dibisio errepublikanoan borrokatu zuen beterano batekin batera Dibisio Urdin faxistarekin gerra egin zuen beterano batek desfilean parte hartzea erabaki du Espaniako Defentsa Ministerioak, eta zenbait sektoreren haserrea piztu du. Hain zuzen ere, IUk eta Kataluniako CIU, ERC zein IC alderdiek uko egin diote ekitaldira ordezkaritza bidaltzeari. Jaurlaritzak ere ez du ordezkaririk bidali.
Aitzitik, Pasqual Maragall Kataluniako Gobernuko presidentea Madrilen izan da, haren gobernuko bazkide ERC eta ICk erabakia kritikatu badute ere.
Jose Bono Espainiako Defentsa ministroak muzin egin die beterano errepublikano bat eta faxista bat desfilean batzeagatik jasotako kritikei, eta Franco diktadorearen alde egon zirenak Espainiatik botatzen hasiz gero "lau lagun" baino ez liratekeela geratuko argudiatu du. "Gaur desfilatu ez duten bakarrak espetxeetan desfilatu behar dutenak dira, hau da, ETAkoak eta haien laguntzaileak", adierazi du.
Ekitaldi eztabaidatsua Madrilen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu