ELKARRIZKETA (2011-07-28). "Espainiaratuz gero, anbulantzian edo hilkutxan eraman beharko naute"

2011ko abuztuaren 17a
11:30
Entzun

 

Zigorra beterik zuela uste zuelarik, Espainiak euroagindua eskatu du Dergiren kontra. Cahorsen bizi da, eta militante baten irmotasunez begiratzen dio Agengo epailearen ebazpenari

Aitor Renteria/Cahors

Herri lasaia da Carhors eta horrela izan zen Daniel Dergirentzako ere, uztailaren 6a arte. Espainiako epaile baten aginduz, lantegian atxilotu zuen Frantziako Poliziak, altzari saltegiko atarian. Gaineko solairuan bizi da Dergi eta bertatik aztertu du egoera, auzi saioaren bezperan. Frantziako justiziaren erabakia aldekoa izan edo kontrakoa, aske bizitzeko erabaki irmoa du Dergik eta askatasuna ebatsi nahi dion aginduari «eskura duen harresi bakarra» ezarriko diola erran du. Espainiaratzeko eskariaren alde egiten badu epaileak, berehalako gose grebari ekinen diola dio, azken ondorioetaraino.

Hamabi urteko espetxe zigorra beterik 2008an aske utzi zintuzten baldintzapean. Uztailaren 6an atxilotu zintuzten, 1994ko gertakariak leporatuz. Nola uler daiteke?

2009ko uztailean heldu nintzen Cahorsera eta bertan bizi naiz geroztik. Altzari saltegi bat kudeatu dut luzaz eta erosteko puntuan nengoen atxilotu nindutelarik. Atxiloketa ezusteko erraldoia izan zen, bortitza. Ez nuen pentsatzen polizia izan zitekeenik. Gerra zikina jin zitzaidan burura, Jon Anzaren larruan ikusi nuen nire burua, bukatu zela. Ez ziren polizia gisa aurkeztu eta buruak estalirik zekartzaten. Ordura arte nire munduan bizi nintzen. Ez nintzen militante gotorra, saltzaile xumea baizik. Carhosen erbesteraturik bizi zen euskaldun txikia nintzen. Polizia etxera eraman ninduten eta euroagindua irakurriko zidatela erran. Gose grebari ekiten niola erran nien, libre utzi arte. Ez nindutela bizirik eramanen Espainiara edota anbulantzian eraman eta hilkutxan ekarri beharko nindutela.

Zertara dator zure kontrako euroagindua, ezker abertzaleak konponbiderako erabaki sendoa hartu duelarik?

Baldintzapean libre utzi nindutelarik Espainiako Gobernuak ezin zezakeen uler ni libre uztea. Beti onartu izan dut ETAko militantea nintzela eta onartu dut egindako bidea. Nire kontrako herra zuen Espainiak. Bigarren arrazoia azken hilabeteetako ekimenetan kokatzen da, porrot egin baitu euroagindu saiakerak. Mobilizazio handia dago, UMPtik hasita NPAraino. Garrantzia handiko hautetsiek kontrako jarrera erakutsi dute publikoki. Aurore Martinen atxiloketa saiakera porrot ozena izan zen. Parean harrapakin erraza behar zuten eta ni haiz harrapakin hori. ETAko militante ohia, baldintzapeko askatasunean, Cahorsen erbesteratua eta babesik gabe. Auroreren aurkako salaketak deuskeriak dira, onartezinak. Aterabide erraza behar zuten eta ni naiz eskura zeukaten militantea.

Leporatzen dizkizuten gertakariak 1994koak dira eta Frantzian ezin dira epaitu.

1996tik 2000ra poliziak niri buruzko ikerketa ugari egin ditu. Azterketa grafologiakoak, aztarnak ikertu... Espainiako Poliziak ere parte hartu zuen eta lau sumario garrantzitsutan sartu ninduten. 34 urteko espetxe zigorra ezarri zidaten baina 20 urtekoa zen bete zitekeen zigorrik handiena. Espainiak ez du irentsi. Parisek eta Madrilek haien saltsa egin dute eta hau da jukutriaren emaitza.

Berehalako sostengu uholdea adierazi dizute. Harritu zaitu?

Harrigarria da, bat-batekoa eta zabala. Alde batetik nire ibilbidearengatik, bertze alde batetik nire erabakia argia delako, irmoa. Egin nahi didatena onartezina da. Jendeak ere ulertu du. Anitzek uste dute ordaindu dudala nahikoa. Hiru urte eta erdi daramatzat baldintzapeko askatasunean arazorik gabe. Euroaginduak gaitzespen zabala du eta Aurore Martinen sostenguaren segida lortu dut. Jendeak badaki euskal militanteen aurkako errepresio tresna dela euroagindua. 30 urteko militantzia dut bizkarrean eta ezin dut onartu. 30 urteko borroka horri irain egitea litzateke, borrokaren arrazoiari muzin egitea. 63 eguneko gose greba egin nuen espetxean eta ondorioak utzi dizkit. Badakit zer den eta prest nago gose grebari ekiteko berriz. Uste badute nirekin gauzatuko dutela euroaginduaren erronka, oker dabiltza. Nire gorpuaren gainetik pasatu beharko dira lehenik.

Erabakia zaila da eta bereziki gatazka gainditzeko borondate irmoa adierazi duelarik ezker abertzaleak. Esperantzaz hitz egiterik bada zure egoeran?

Euroaginduaren estrategiari bukaera eman behar zaio eta muga jarri. Zer dut nik euroagindua borrokatzeko, nire gorputza ez bada? Herri harresia osatu dute herritarrek Aurore Martinen inguruan. Ni poliziaren esku nago eta nire gorputza da nire harresia.

Espero dut mobilizazio zabala izanen dela. Bizitzeko gogoa daukat, lanean segitzeko irrika, bikotearekin bizitza eraikitzeko grina. Mobilizazioa handia izan beharko da nire kasuan, baina urrutirago begiratu beharko dugu. Nire gibeletik bertze anitz egonen dira.

Bururaino eramanen duzu erabakia eta mobilizazioaren itxaropena duzu. Nola uztartzen dira ?

Luzaz hausnartu dut ziklo politiko berriaz eta ezker abertzalearen parioaz. Ez dut baldintzatu nahi abian den prozesua. Bihotz-bihotzez sostengatzen dut prozesua eta parte hartu dut eztabaidan. Espainiak eta Frantziak Iparra galdu dute estrategia horren parean eta noraezean dabiltza. Mila aldiz nahiago dute hildakoak eragin ditzakeen intentsitate apaleko gatazka kudeatzea horren konponbide politikoa lantzea baino. Nire erabakia Estatuen burugabekeriaren aurka doa eta prozesuaren alde.

Prokuradoreak eskaria atxikitzen badu, zer eginen duzu?

Hori egiten badu goizean, arratsean gose greban sartuko naiz, ez naiz epaileen ebazpenaren beha egonen. Nire erabakia prokuradorearen erabakiaren esku dago. Berdin dio ebazpena hiru edo zortzi egunez gibelatzea, ez naizelako beha egonen.Preso atxikitzea pentsatzen zuen prokuradoreak baina gibelera egin zuen. Ulertezina da. Nik ez dut sinesten epaileen ausardian, erabaki politikoak daudelako gibelean. Ni baldintzapean libre uzteko erabakia hartu zuten Estatuko egitura gorenetan. Sostengua ahultzea zen helburua. Badakite bururaino eramanen dudala erabakia eta zaila izanen zaie horren kudeaketa politikoa. Nork ez du ulertuko ba, hamazazpi urte beranduago horrelako prozedura abiatzea astakeria dela? Badakit nire gorputza ahuldurik dagoela eta ez dudala 63 egun iraunen. Atxilotu nindutenean ez nengoen gose grebari egiteko prest. Ez neukan gogoa horretan. Zazpi kilo galdu nituen astebetez. Oraingo aste bat orduko hiru aste direla nabaritu dut. Baina militante zaharraren tenplea eskuratu dut. Ongi hausnartu dut, eztabaidatu dut eta orain prest nago egoera horri ekiteko. Ez naiz depresioak jota dagoen norbait, borrokarako prestatu den militantea baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.