2014ko urtarrilean atxilotu zuten Jon Enparantza abokatu donostiarra, eta harrezkero bizi duen bakartze egoeraz ohartarazi dute. Haren egoerari buruzko eztabaida Donostiako Udalera heldu da, eta, bertan, Enparantza etxetik gertuen duen espetxera lekualdatzeko eskatu du Udalbatzak.
EAJ, EH Bildu eta Irabazik babestutako mozio bat aurrera atera da; horren arabera, udala harremanetan jarriko da Segoviako espetxeko zuzendariarekin —bertan dago preso Enparantza—, haren egoera aldatu dezala eskatzeko. Eneko Goia alkateak adierazi du abokatuak bizi duen egoera ez dela "normala", eta hura epaitzeko edo aske uzteko galdegin du.
PSE-EE abstenitu egin da bozketan, eta PPk kontra bozkatu du. Enrique Ramos PSEko zinegotziak azaldu du Enparantzaren egoera ez dela "egokia" eta "berrikusi" egin behar dela "baldintza gizatiarragoetan" egoteko, baina ez du mozioa babestu "gaiak eta kontzeptuak nahasten dituelako".